Zinema
Estreinak
“Akelarre” eta “Una ventana al mar”, zinema aretoetan
eitb.eus
Pablo Agüero eta Miguel Angel Jimenezen filmak ostiral honetatik aurrera izango ditu publiko orokorrak ikusgai Hegoaldeko zinema aretoetan.
-
Amaia Aberasturi da "Akelarre"ko protagonista. Argazkia: David Herranz.
“Akelarre” eta “Una ventana al mar” EiTBren parte hartzea duten filmak gaur, urriak 2, iritsiko dira Hegoaldeko zinema aretoetara. Bi-biak Zinemalditik pasatu dira: “Akelarre” aurten proiektatu dute Sail Ofizialean, eta “Una ventana al mar” 2019ko Zinemaldian estreinatu zuten, EiTB Galan. Koronabirusak ekarri duen egoeraren ondorioz, nahi baino gehiago atzeratu behar izan dute, halere, azken horren estreina.
“Akelarre” Euskal Herrian kokatu eta filmatuta dago. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira, eta Ana (Amaia Aberasturi) basoko festa batean dago, herrixkako beste neska batzuekin. Rostegui epaileak, erregeak aginduta, eskualdea purifikatu behar du, eta neskak atxilotu eta sorginkeria leporatuko die.
Edozer gauza egingo du akelarreari buruz dakiten guztia aitor dezaten. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak prestatu eta estaltzen ditu.
IRAKURRI PABLO AGÜERORI ZINEMALDIAN EGINDAKO ELKARRIZKETA
"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"
“Una ventana al mar”, bestalde, Mariaren (Emma Suarez) istorioa du kontagai. Albiste batek bizitza aldatzen dionean, bere lagun hurkoenekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisyros irlara eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta berehala etxean bezala sentituko da.
MIGUEL ANGEL JIMENEZ PELIKULARI BURUZ, 2019KO ZINEMALDIAN
M.A. Jiménez: 'Itxaropena zabaltzea da ‘Una ventana al mar’en bokazioa'
Irla ederra arakatu eta haren altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos ezagutuko du, eta itxura guztien kontra maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
Gainera, "Falling" Viggo Mortens Donostia saridun berrian zuzendu duen lehen filma ere gaur helduko da zinema aretoetara.