Itxi

Zinema

Iruzkina

'Urte berri on, amona!': benetako pelikula bat

Arkaitz Villar

Telmo Esnalek film bikaina egin du, umore beltzak markatutako istorioa eta irudi indartsuak erabilita.

01:21
'Urte Berri On, Amona!'ren trailerra, Telmo Esnalen film berria

Bazen ordua, batenbatek tontakeriak albo batera utzi eta benetako zinema egiteko. Esnobismo ulerkaitz horiei buruz ari naiz. Ulertzen ez diren gauzez betetako abangoardiazko zinema egitea, alegia. Utz ditzagun tontakeriak albo batera, hau zinema jaialdi bat da eta benetan garrantzitsua pelikulak dira. Gainontzeko guztia, bideoarte lehiaketetarako utzi, arren.

'Urte berri on, amona!' gustatu zait, gehienbat amaiera ulertezina duelako. Gaur egungo zineman zaila da aurkitzen eta dimentsio berezia ematen dio. Emaztearen amaren kargu egin behar den bikote baten istorioa da. Gabonak hurbiltzen diren heinean, tentsioa handitzen doa eta gero eta zailagoa da elkarrekin bizitzea. Protagonistak muturreko egoerara helduko dira. Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi aktoreek lan bikaina egitea lortu du Esnalek.

Ikuslea, bere aldetik, egoeraren biktima da: tentsioa kutsatzen da eta amaiera deserosoa digeritu behar du. Zuzendariaren helburua horixe dela uste dut eta baita lortu ere! Guztia osatzeko, estetika, irudi eta argazkigintza indartsu eta erakargarria aurkezten ditu. Gauzak horrela, orain arte jaialdian ikusi dugun osatuenetarikoa dela esan dezakegu.

Hurrengo Gabon Zahar gauean ez iezadazue mahatsik erosi.