Zinemaldia 2024
Kritika
‘Arrugas’ eta ‘Oinkada bikoitzak’, golik gabeko partida
Arkaitz Villar
Ignacio Ferrerasek ikusleak hunkitzea lortu du, eta Isaki Lacuesta erdibidean gelditu da.
-
'Oinkada bikoitzak' lanaren aurkezpena Zinemaldian. Argazkia: EFE
Futbola da asteburuko erregea. Nazioarteko zinema jaialdi batean egonda ere, futbolaren inguruko erreferentziak dira nagusi prentsarentzat antolatu duten erredakzio gelan.
Aurrealdean dudan tipoak -ez dakit zein hedabidetakoa den- ordenagailuko soinua piztu du, partida bateko golak ikusten ari zela, eta aretoko koordinatzaileak errieta egin dio. Alboan dudanak, berriz, Espainiako ligari buruzko aldizkari bat dauka, erosi berria, eta kromoak ordenatzen ari da. Ikusten duzuen moduan, hemen ez da zinemaz bakarrik hitz egiten, edo idazten.
Zinema kontuetara itzulita, 'Arrugas' Paco Rocak bere garaian egindako komikiaren filmarekin hasi dut astea. Ignacio Ferrerasek osatu du lan berria, eta prentsa emanaldian zeuden asko negarrez utzi ditu. Emilio alzheimerrak jotako erretirodunaren bizitza kontatzen digu. Semeak zaharren egoitza batera eraman du, eta bere gaixotasunaz konturatzen hasi da. Niri nahiko laua iruditu zait, batez ere ez delako komikitik gehiegi aldentzen. Animazioaren errekurtso gutxi erabili ditu eta, Ferrerasek sentimenduz betetako lana osatu badu ere, irudiari dagokionez zerbait gehiago egin zezakeen. Istorioa hunkigarria da, baina hori Rocaren komikian ikusi genuen jada. Hala ere ikusleen sentimenduk joko ditu.
Isaki Lacuestaren lan berriari buruz ez dakit zer esan. Ez lokartzeko borrokan ibili naiz, eta eskerrak aretoan sartu aurretik kafe bat hartu dudan. Miquel Barceló pintorearekin Afrikara egindako bidaia dela iruditu zait. Aurrekoan, Kim Ki-dukek Europan egindako bidaia bat erakutsi zigun, eta gauza bera egin du Lacuestak, baina Afrika aukeratuta. Ez dakit zein herrialdetan grabatu duten; hori bai, aurrekontu handiagoa erabili du eta planteamendua gehiago zaindu du... edo aurkezpena, behintzat. Hala ere ikuslea aspertu eta nahastu egingo duen kontakizuna da; niri, behintzat, ez dit ezer eman. François Augiéras artistak margotutako bunker baten bilaketa espirituala kontatzen du. Ez dut tutik ere ulertzen.