Itxi

Zinema

COVID-19

Oscarren banaketa ekitaldia 2021eko apirilaren 25era atzeratu dute koronabirusagatik

agentziak | erredakzioa

Hautagaiak martxoaren 15ean iragarriko dituzte, eta hautagai izateko epea ez da 2020arekin amaituko, baizik eta datorren urteko otsailaren 28an.

  • Los Angelesko Dolby Theatre. Argazkia: Efe

    Los Angelesko Dolby Theatre. Argazkia: Efe

Oscar sariak banatzeko ekitaldiaren 93. edizioa 2021eko apirilaren 25ean izango da koronabirusaren pandemia dela eta, Hollywoodeko Akademiako agintariek bi hilabete atzeratzea erabaki baitute.

Hautagaiak martxoaren 15ean iragarriko dituzte, eta hautagai izateko epea ez da 2020arekin amaituko; izan ere, zinema-aretoak itxita eta estreinaldi handietan atzerapenak egon direnez, datorren urteko otsailaren 28ra arte zabaldu dute epea, ekitaldia egitekoa zen egunera arte hain zuzen ere.

"Pelikulek mende bat baino gehiago daramate garai ilunenetan gu kontsolatzeko, inspiratzeko eta entretenitzeko paper garrantzitsua jokatzen. Aurten ere egin dute. Epea luzatzearekin lortu nahi duguna da zinemalariek malgutasuna edukitzea pelikulak amaitzeko eta estreinatzeko, inoren kontrolpean ez dagoen zerbait oztopo izan ez dadin”, adierazi du David Rubin akademiaren presidenteak ohar batean.

Normalean, pelikula bat sari banaketaren aurreko urte naturalean estreinatu behar da (hau da, 2020ean kaleratzea 2021ean saritu ahal izateko), baina ia mundu osoan zinema-aretoak itxita eta estreinaldietan atzerapenak egon direnez, 2021ean kaleratutako pelikulek ere parte hartu ahal izango dute.

Era berean, zinema-aretoetan estreinatu ez, baina Internetez zabaltzen dituzten pelikulak ere sartu ahal izango dituzte hautagaien artean, eta hori oso urrats garrantzitsua da, askotan aldarrikatu den neurri bat delako.

Epeak luzatzearen erabakia bideodei batean hartu dute Akademiako agintariek, tartean Steven Spielbergek, Laura Dernek eta Whoopi Goldbergek.

Ez da Oscar sarien banaketa atzeratzen duten lehenengo aldia, 1928an (Los Angelesen uholdeak izan zirelako), 1968an (Martin Luther King hil zutelako) eta 1981ean (Ronald Reagan presidentea hiltzen saiatu zirelako) ere hala egin baitzuten.

Gainera, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sari banaketa apirilean egiten zen, eta ez otsailean, azkenaldian egin den moduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.