Itxi

Zinema

Film laburrak

2020ko Kimuak katalogoan parte hartzeko deialdia ireki dute

eitb.eus

Ekainaren 30era arte izango dute zabalik EAEko zuzendari eta ekoiztetxeek lanak aurkezteko epea. Lanak 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak eta 30 minututik beherakoak izan behar dira.

  • "El infierno", Raul de la Fuente

    "El infierno" Raul de la Fuenteren filma da 2019ko katalogoko lanetako bat

2020ko Kimuak katalogoan parte hartu nahi duten EAEko zuzendari eta ekoizleek zabalik dute film laburrak aurkezteko epea, ekainaren 30era arte.

Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen duen programa honek euskal film laburrak sustatzea eta banatzea du helburu, eta hautatzen dituzten lanak nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara eramaten ditu.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte, parte-hartzaile bakoitzak nahi beste, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Zuzendari edo ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan behar dute egoitza. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dituzte onartuko komertzialki estreinatu diren edota telebistaz, Internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izana onartuko da.

Kimuaken webgunearen bidez eman behar da izena.