Zinema
Izenburua
“Rifkin's Festival”, Woody Allenek Donostian filmatutako pelikularen izenburua
Agentziak | Erredakzioa
Zinemaldian girotutako komedia da, eta antzezleen artean daude Christoph Waltz, Elena Anaya, Louis Garrela, Gina Gershon eta Sergi López.
-
Woody Allenek 2019ko udan filmatu du pelikula, Donostian
"Rifkin's Festival" izango da Woody Allenek joan den udan Donostian filmatu zuen pelikularen izenburua, Mediapro ekoiztetxeak iragarri duenez. Christoph Waltz eta Elena Anaya protagonista dituen filmaren zuzendariak Donostian aurreratu zuen behin-behineko izenburua izango da, beraz, behin betikoa.
Allenen ibilbideko 51. filmaren ekoizleak The Mediapro Studio eta Gravier Productions dira, Wildsiderekin lankidetzan, eta Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn ere daude aktore taldean.
Amaiera "dibertigarria" duen komedia erromantikoa da, eta Donostiako Zinemaldira etortzen diren estatubatuar senar-emazte batzuen nondik norakoak kontatzen ditu.
Jaialdiarekin txundituta geldituko da bikotea, baina gehiago ere egongo da: emakumezkoak maitasun istorio bat izango du frantses zinemagile dirdiratsu batekin eta gizona Donostian bizi den emakume batekin maiteminduko da.
Woody Allenen eta Vittorio Storaro argazkilaritza zuzendariaren arteko laugarren lankidetza da film honetakoa.