Itxi

Zinema

Goya sariak

'La trinchera infinita' filmak 15 izendapen lortu ditu Goya sarietarako

Agentziak | erredakzioa

Karra Elejalde gizonezko aktore onena eta Asier Etxeandia bigarren gizonezko aktorerik onena izendatu dituzte. Aritz Moreno eta Galder Gaztelu-Urrutia dira zuzendaritza berri onenaren hautagaiak.

1:26
Goya sarietarako izendapenak.

Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi euskaldunen La trinchera infinita filmak 15 izendapen lortu ditu urtarrilaren 25ean Malagan egingo den Goya sarien 34. edizioan, horien artean pelikula onenarena. Drama honetan EiTBk parte hartu du. Guztira, EiTBren parte-hartzea izan duten bost pelikulek Goya sarietarako 27 izendapen lortu dituzte.

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra (17 izendapen) eta Pedro Almodovarren Dolor y gloria (16 izendapen) dira izendapen gehien dituztenak.

Elena Anaya eta Miguel Herran aktoreek 28 kategorietako finalisten zerrenda azaldu dute Zinema Akademiaren egoitzan egindako ekitaldi batean.

Berdintasunak berdintasun baina (lau filmak uztartzen dituzten irizpide tekniko eta tematikoak agerikoak dira film berrian ere), La trinchera infinita dramak hainbat aldaketa erakusten ditu aurreko lanen aldean: Andaluzian filmatu dute, gaztelaniaz, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktore ezagunekin.

EiTBren parte-hartzea duen Lo que arde Oliver Laxek zuzendutako filmak lau izendapen lortu ditu: pelikula onena, zuzendaritza onena, emakumezko errebelazio aktore onena eta argazki-zuzendaritza onena.

Karra Elejalde aktore onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Lehia horretan izango dira, halaber, Antonio de Torre (La trinchera infinita), Antonio Banderas (Almodovar) eta Luis Tosar (Quien a hierro mata).

Antzeztaldeko aktoreari dagokionez, Asier Etxeandia eta Leonardo Sbaraglia elkarrekin lehiatuko dira film berarekin, Dolor eta gloria, eta baita Luis Callejorekin (Intemperie) eta Eduard Fernandezekin (Mientras dure la guerra) ere.

Aritz Morenok eta Galder Gaztelu-Urrutiak, berriz, zuzendaritza berri onenaren sarirako izendatu dituzte, Ventajas de viajar en tren eta El hoyo filmengatik, hurrenez hurren.

Azkenik, Elcanok eta Magallanesek munduari eman zioten birari buruzko pelikulak, Elcano y Magallanes, la primera vuelta al mundo-k, animazio film onenaren izendapena jaso du.

Gala urtarrilaren 25ean izango da Malagako Jose Maria Martin Carpena Kirol Jauregian; Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztuko dute berriro. Oraingoz, sari seguru bakarra Ohorezko Goya saria da, Pepa Floresi (Marisol) emango diotena.