Itxi

Zinema

Urriaren 21era arte

Zinemakumeak Gara! jaialdiak azken olatu feministari begiratuko dio

Agentziak | Erredakzioa

Emakumeek zuzendutako zinemaren jaialdia urriaren 21era arte egingo dute, Bilbon.

  • "La camarista"

    "La camarista" filma astelehenean, urriak 21, emango dute jaialdian

Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinemaren jaialdiaren XXIV. edizioak film laburrak, film luzeak, hitzaldiak eta mahai-inguruak eskainiko ditu urriaren 21era arte, BBK Aretoan, Campos Eliseos antzokian, Azkuna Zentroan eta Bilborocken.

Erakustaldiak “2018ko martxoaren 8an goraldia izan zuen olatu feministari” begiratuko dio, antolatzaileek azaldu dutenez. Aurten, gainera, Puy Oria zinema-ekoizleari emango diote Simone de Beauvoir ohorezko saria.  

Astelehenetik astelehenera (urriak 15-21), lehian izango diren filmak proiektatuko dituzte arratsaldez: The Crossing (Bai Xue); Seder-Masochism (Nina Paley); Pause (Tonia Mishiali); My Favorite Fabric (Gaya Giji); De nuevo otra vez (Romina Paula); eta La camarista (Lila Avilés).

Gainera, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izango dira, parte-hartzaile hauen eskutik: Clara Serra eta Aixa de la Cruz (asteartea); Nahikari Ipiña, Marta Velasco eta María del Puy Alvarado (asteazkena); Maite Larrauri (osteguna); Isabel Otxoa eta Itziar Gandarias (astelehena, urriak 21).