Itxi

Zinema

Inaugurazioa

Abian da Canneseko zinemaldiaren 64. edizioa

Erredakzioa

Woody Allenen 'Midnight in Paris' filmak ireki du aurtengo edizioa. Robert de Niro, Antonio Banderas, Uma Thurman eta Jude Law Cannesen dira dagoeneko.

Canneseko zinemaldiko 64. edizioa martxan da. Woody Allenen Midnight in Paris filmak ireki du zinema jaialdia, eta Adrien Brody, Owen Wilson eta Rachel McAdams aktoreekin batera ikusi dugu zuzendaria, pelikularen aurkezpenean. Joan den urtean filmatu zuten, Parisen, AEBetako zinemagilearen azken komedia erromantikoa, eta ostiral honetan estreinatuko da gurean.

Baina Woody Allen eta Midnight in Paris pelikulako protagonistak ez dira izan lehen egun honetan Canneseko alfonbra gorrian ikusi ditugu izar bakarrak: Robert de Niro, Faye Dunaway, Antonio Banderas, Uma Thurman eta Jude Law Cannesen ditugu dagoeneko.

Asteazken gauean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta Bernardo Bertolucci zuzendari italiarrak jaso du bertan Canneseko zinemaldiko Ohorezko Urrezko Palma. Besteak beste, Prima della Revoluzione (1964), Novecento (1976), Il Conformiste (1970) eta El Ultimo Emperador (1987) filmak egin ditu Bertoluccik.

Maiatzaren 22ra arte, 19 lan arituko dira Sail Ofizialean lehian, Urrezko Palma eskuratzeko. Pedro Almodovar La piel que habito bere lan berriarekin izango da lehiaketan, eta zinemagile beterano zein gazteak izango ditu aurrean. Besteak beste, Lars von Trier, Nanni Moretti eta Aki Kaurismäki zuzendarien azken lanak lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean: Von Trier daniarrak Melancholia aurkeztuko du, Morettik Habemus papam eta Kaurismäkik La Havre.

Robert de Niro, epaimahaiko presidentea

Robert De Niro izango da Canneseko zinemaldiko 64. edizioan epaimahaiaren burua, eta honako hauek izango ditu epaimahaiko kide: Uma Thurman (aktorea, gidoilaria, ekoizlea; AEB), Jude Law (aktorea eta ekoizlea; Ingalaterra), Martina Gusman (aktorea eta ekoizlea; Argentina), Nansun Shi (ekoizlea; Hong Kong / Txina), Linn Ullman (idazlea eta literatura kritikaria; Norvegia), Olivier Assayas (zuzendaria; Frantzia), Mahamat Saleh Haroun (zuzendaria; Txad) eta Johnnie To (zuzendaria eta ekoizlea; Hong Kong / Txina).

Beste izar batzuk espero ditugu

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Almodovarren emakumezko aktore fetitxeetako bat, Penelope Cruz, La Croisetten izango da, Pirates of the caribbean: on stranger tides filma lehiaketatik kanpo aurkezteko. Brad Pitt eta Angelia Jolie, Elena Anaya, Charlotte Gainsbourg, Catherine Deneuve eta Malcom McDowell ere espero dituzte Canneseko alfonbra gorrian.