Itxi

Zinema

Filmatzea

Kontxako hondartza ez dute erabat itxiko Woody Allenen filmatze lanengatik

Agentziak | Erredakzioa

Eneko Goia Donostiako alkateak esan duenez, hondartza ez dute ez egun osoz ez erabat itxiko estatubatuar zuzendaria filmatzen ari den bitartean.

  • Kontxa

    Uztail eta abuztuan filmatuko du Allenek Donostian. Argazkia: Lorentxo Portalarrume.

Woody Allenek Kontxa aukeratu du uztail eta abuztuan Donostiako hondartza batean filmatu nahi zituen irudietarako, baina estatubatuar zuzendariaren hurrengo filmerako lan horiek ez dute eragingo hareatza erabat ixtea, “tarte batean” soilik itxi behar izango baitute, bai hedadurari bai iraupenari dagokionez.

Eragina “mugatua” izango dela esan du gaur, asteartearekin, Eneko Goia hiriko alkateak, gobernu taldearen bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan, kazetarien galderei erantzunez.

Goiak aurreratu du, zurrumurruek hori zioten arrean, hondartza ez dela itxiko “ez erabat ezta hainbat egunean ere”.

Haren hitzetan, “Donostiako hainbat eraikinetan” filmatuko dute, hala nola Espainiako Bankuaren egoitza zaharrean, baita kalean ere, eta “beste udalerri” batzuetan ere lan egingo du lantaldeak, Pasai Donibanen adibidez.   

Allenen pelikularen izenburua ez dute oraindik iragarri, eta aktore taldean Elene Anaya aktore espainiarra eta Christoph Waltz alemana daude, alboan izango dituztela Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn.

Zinemaldian kokatutako komedia erromantikoa izango da pelikula.