Zinema
Hileta
Aitzol Aramaio zinemagilea hil da
Erredakzioa
Unai Elorriagaren 'SPrako tranbia' zinemara eraman zuen 'Txokolate apur bat' filmean.
Aitzol Aramaio zinemagilea pasatu den apirilaren 24ko goizaldean hil zen 40 urte zituela, Ondarroan. Unai Elorriagaren ''SPrako tranbia'' zinemara eraman zuen, ''Txokolate apur bat'' filmean, eta nazioartean arrakasta lortu zuen 2002an zuzendutako ''Terminal'' film laburrarekin.
Bere ibilbidearen hastapenetan, ikus-entzunezkoetan, bideoklipak zuzendu zituen, Mikel Laboa eta Platero y Tú taldeenak, esaterako. Gero, 2002an, ‘Terminal’ film laburra zuzendu zuen. Lan hori Kimuak katalogoan parte hartzeko aukeratu zuten, eta nazioartean sari garrantzitsuak irabazi zituen, Venezia eta Berlingo nazioarteko zinemaldietan, besteak beste.
2008an, ''Txokolate apur bat'' film luzea zuzendu zuen. Algortako (Getxo) portu zaharrean girotuta dagoen lan honetan, Héctor Alterio, Daniel Brühl eta Barbara Goenaga aktore ezagunek parte hartu zuten.
Aste Santuko oporrak igarotzera Ondarroara, jaioterrira, itzulita, apirilaren 24an, goizaldean, bihotzekoak jota hil zen Aitzol Aramaio, lotan zegoela.