Itxi

Zinema

‘Un día más con vida’, Hegoaldeko zinema aretoetan

Raul de la Fuente nafarraren eta Damian Nenow poloniarraren filmak Ryszard Kapuscinski gerra erreportariaren egunerokoa erakusten du Angolako gerran.

8:15

Raul de la Fuentek eta Damian Nenowk dokumentala eta animazioa uztartu dituzte ‘Un día más con vida’ gaur, urriak 26, Hegoaldeko zinema aretoetan estreinatuko den filmean.

EiTBren parte-hartzea duen filmak Ryszard Kapuscinski erreportariaren egunerokoa du kontagai. Angolako 1975eko gerran “alderdietako baten alde jarri eta zerbait gogoangarria egin zuen”, azaldu dute egileek.

De la Fuenteren hitzetan, “kazetarien arauen aurka doan zerbait gogoangarria iruditzen zait, baina kazetaririk onenak hori egin zuen, eta irakatsia eman zuen: bizitzak jokoan daudenean, gizakiak gara beste ezer baino lehenago. Kapuscinskik agerian utzi zuen arrisku horren aurrean gizakia gailentzen zaiola kazetariari”.

‘Un día más con vida’ “gerraren aurkako tonu argia duen istorio gazi-gozoa da”, baina amaiera ez da espero litekeena. “Pelikulan ilusio bat kontatzen da, gizarte berdinzale baten ametsa, zeina oso polita baitzen baina azkenean ez zen aurrera atera”, deitoratu du De la Fuentek.

“Gatazkan, gerra hori bizi izan zuen jende asko hil zen, eta inoren asmoak ase ez zituen 40 urteko gatazka baten zentzurik eza erakusten da. Independentzia lortu zuten horiek ikusi zuten beren ideia bidezkoak ez zirela garaile atera eta ‘non dago iraultza?’ galdetu zioten beren buruari”, erantsi du.

Nafar zinemagilearen filmak publikoaren saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian eta Europako Zinema Sarietarako izendatuta dago.