Zinema
Urtarrilaren 22tik 30era
2011ko Zinegoak jaialdia, ate joka
Erredakzioa
Larunbatean hasiko da Bilboko Nazioarteko Gay-Lesbo-Trans eta Bisexual Zinemaldia. Ohorezko Saria El Deseo ekoiztetxearen arduradunentzat izango da.
Ate joka dugu Zinegoak 2011. Bilboko Nazioarteko Gay-Lesbo-Trans eta Bisexual Zinemaldia larunbatean hasiko da, eta, urtarrilaren 30a bitartean, 25 herrialdetako 76 zinta proiektatuko ditu (film luzeak, film laburrak, dokumentalak eta obra eszenikoak). Iazko datuekin konparatuta, % 20 igo da proiekzio kopurua. Ikusgai izango direnen artean, 54 lehiatuko dira sariren bat lortzeko. Guztira, nazioarte mailako bost estreinaldi eta Estatu mailako 29 estreinaldi hartuko ditu Zinegoak 2011k.
Serafin Llamasen eta Daniel Duarteren La cita euskal film laburra eskainiko du aurtengo edizioak. Film luzeei dagokionez, Bruce LaBrucen L.A. Zombiezinta nabarmendu dezakegu. Lan horrek hautsak harrotu ditu orain arte; zenbait herrialdetan debekatu egin dute eta beste zenbaitetan, berriz, goraipatu. Honekin batera, Gigola izango dugu ikusgai. Laure Charpentierrek zuzenduta, Sevillako Europar Zinemaldian lan berri onenaren saria eskuratu zuen. Dokumentalei dagokienez, Paraguaitik Cuchillo de palo - 108 Renate Costaren lana dago. Jaialdi batzuetan sariak lortu ditu Stroessnerren diktaduraren garaiko homosexualen kontrako errepresio bortitza mintzagai duen lanak.
Zortzigarren edizio honetarako zenbait berrikuntza hartuko ditu, tartean, arte eszenikoen obrak. Horrela, dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko du jaialdiak, Clara y Daniel izenburukoa eta 6 eta 12 urte arteko haurrei eta bere familiei zuzenduta dagoena.
Ohorezko Zinegoak Saria
Aurtengo edizioak Ohorezko Zinegoak Saria eskainiko die El Deseo Ekoiztetxearen arduradunei, Agustin Almodovarri eta Esther Garciari, hain zuzen. Produktore hauek Pedro Almovodarren pelikulak ekoizten dituzte.
Epaimahaia
Anna Boluda, kazetaria eta dokumentalen zuzendaria, Mikel Rueda, gidoigilea eta zinema zuzendaria, eta Laura Coppens, zinema zuzendaria eta Asian Hot Shots Berlin jaialdiaren programatzailea dira aurtengo epaimahaiko kideak
El Show del Txistu
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere antolatu dute El Show del Txistu. Zinemagintza sormen azkarreko ikuskizun honetan, ikuslegoak zuzenean aukeratzen ditu, txistu baten bidez, saria irabazteko aukera izango duten filme finalistak zeintzuk izango diren. Film labur irabazleak 600 euro eta ziurtagiri bat eskuratuko ditu.
Zinegoak Nazioarteko Gay-Lesbo-Trans eta Bisexual Zinema Jaialdiak urtarrilaren 22tik 30era bitartean izango da, Bilboko hainbat aretotan, hala nola AlhondigaBilbaon, Bilborock aretoan, FNAC dendan, Arriaga Antzokian eta EITBren Bilboko egoitzan.