Itxi

Zinema

Cine

Zinema Euskaraz, 'Eguberrirako etxean' eta 30 film online

Erredakzioa

Pelikulak Kulturklik eta EITB webguneetan ikusi daitezke streaming bidez.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Zinema Euskaraz programari esker Eguberrirako etxean filmaren euskarazko bertsioarekin gozatu daiteke euskal hiriburuetako zinema aretoetan. Norvegiako filmak Donostiako Zinemaldiaren 2010eko edizioan Gidoi Onenarentzako Epaimahaiaren Saria jaso zuen. Abenduaren 29a arte, Gasteizko Florida, Donostiako Antiguo Berri eta Bilboko Golem Alhondiga aretoetan da ikusgai.

Gainera, Kulturklik eta EITB webguneek 30 film euskaraz eta on line ikusteko aukera eskaintzen dute, baina deskargatzeko aukerarik gabe. Betizu eta urrezko zintzarria, Karramarro uhartea, Haragijaleen krisia, Cristobal Molon edo Munduaren bira doan dira, besteak beste, ekimen honetarako aukeratu diren animaziozko 20 filmetako batzuk. Gainerako 10 fikziozko filmen artean, Aupa Etxebeste, Kronokrimenak, Ander eta Go! Azen bezalako tituluak aurki ditzakegu.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukera bultzatu, eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz aurkeztu du Zinema Euskaraz programa.Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat.

Euskaraz banatuko diren lehenengo DVDak ere jada salgai daude. Horton eta Ice Age 3, ELKAR dendetan eta azalera handietan aurkitu ahal dira, 12,95 euroko prezioan.

Gabonetako programaren baitan, urtarrilaren 3an hasi eta hilaren 9a arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako familia giroko Ordezko andereñoa film daniarra estreinatuko da.

Zinema Euskaraz proiektuak 2011 urte osoan, areto komertzialetan hilero euskarazko filmak estreinatu eta aldizka DVDak merkaturatzeko aukera bultzatuko du. Helburu horri begira, zenbait film euskaraz banatzeko eskubideak negoziatu dira, Cannes-eko Jaialdiaren aurtengo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso duen Des hommes et des dieux delakoa, Berlingo Jaialdiaren 2010eko Film Onenarentzako Urrezko Hartza lortu eta 2010eko Oscarretarako aurreaukeratuta geratu den Bal izenburukoa, Harrison Ford protagonista duen Crossing over edota In a better world filma tarteko direla.