Zinema
Zinema fantastikoa
Fant Bilboko jaialdiak nazioarteko 18 film eskainiko ditu sail ofizialean
Agentziak | Erredakzioa
Joe Dante “Gremlinak” eta “Txip miragarria” filmen zuzendariak jasoko du zinemaldiaren ohorezko saria, sail ofizialean inoiz baino film gehiago proiektatuko dituen 24. edizio honetan.
-
Amaiera ekitaldian, "Rock Steady Row" filma eskainiko dute
Fant Bilboko Udalak antolatzen duen zinemaldi fantastikoaren 24. edizioak nazioarteko 18 film luze izango ditu aurten lehian Sail Ofizialean, bere historiako aukeraketarik handiena eskainiko duen urtean. Zinemaldia maiatzaren 4an hasiko da, 20.00etan, Campos antzokian, "The Strangers: Prey at Night" Johannes Roberts britainiar zinemagilearen filmarekin, antolatzaileek ostiral honetan egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez.
Inaugurazio ekitaldian bertan, Joe Dante estatubatuar zuzendariak FANTastikoaren Izarra saria jasoko du, bere ibilbide osoarengatik. Halaber, egun berean, Fantrobia fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen saria jasoko du Paul Urkijo "Errementari" lanaren zuzendari gasteiztarrak.
Aurreko edizioetan bezala, Sail Ofizialeko programazioa eskaintza zabal eta anitzarekin osatuko da, Golem-Alhondiga aretoetako 2. aretoan, eta doakoa izango da horietarako sarrera.
Ohikoa denez, sariak amaiera ekitaldian banatuko dira, maiatzaren 11n, BBK Aretoan, 20.00etan. Ekitaldi horretan, "Rock Steady Row" Trevor Stevens estatubatuar zinemagilearen filmaren emanaldi berezia izango da, zuzendaria bertan dela.