Zinema
Apirilak 20-27
31 herrialdetako 53 film, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian
Agentziak | Erredakzioa
Donostiar jaialdia apirilaren 20an hasiko da, eta orotariko gaiak jorratuko dituzte bertako pelikulek: indarkeria matxista, ijitoen errekonozimendua, pederastia, errefuxiatuen krisia…
-
"Beauty and the dogs" filmak emakumeen borroka du kontagai
"Die göttliche Ordnung" Suitzako emakumeek 1971an botoa emateko gauzatu zuten borroka kontatzen duen filmak zabalduko du, apirilaren 20an, Giza Eskubideen Donostiako 16. Zinemaldia. 31 herrialdetako 30 film luze eta 23 labur eskainiko dituzte bertan, ikusleen kontzientzia “pizteko”.
1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sinatu eta 70 urtera, 20 filmek osatuko dute Sail Ofiziala, eta berorietan denetariko gaiak pantailaratuko dira: pederastia, errefuxiatuen krisia, Siriako gerra, indarkeria matxista, ijito herriaren errekonozimendua, Downen sindromea duten pertsonen eskubideak eta Poliziaren indarkeria, esate baterako.
Jaialdia “L’Atelier’ Laurent Canteten, bere zinema “ausart eta konprometituagatik” zinemaldiaren sari berezia jasoko duen frantziar zuzendariaren, lanak itxiko du, apirilaren 27an.
Film laburrei dagokienez, aurtengo berritasun nagusia Okendo plazan jarriko duten aretoan egongo da, bertan gizarte gaiak jorratzen dituzten nazioarteko hamar film labur eskainiko baitituzte “errealitate birtualean” eta betaurreko berezi batzuk erabili beharko baitira ikusteko.
Gainera, lau erakusketa egongo dira, “Eskola bideak”, “Giza eskubideei begira”, “Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XIV. ekitaldia” eta”Gosearen soinua”, eta Mabel Lozanok “Prostituzioaren eta emakumeen salerosketaren nagusiak” hitzaldia eskainiko du.