Zinema
Sariak
Gidoilariek 'Handia' saritu dute, Goyen atarian
eitb.eus
Altzoko Erraldoiaren istorioak musika onenaren (Pascal Gaigne) eta gizonezko aktore berri onenaren (Eneko Sagardoy) sariak lortu ditu bart, Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluaren sarietan.
-
Eneko Sagardoy, Handia
Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak bi domina eman dizkio bart Madrilen “Handia” filmari, bere urteroko galan, musika onenaren (Pascal Gaigne) eta gizonezko aktore berri onenaren (Eneko Sagardoy) ataletan. Sari horiek larunbatean Goya sarien gala, zeinetan “Handia”k hamahiru izendapen dituen, egin aurretxoan etorri dira.
Gaueko irabazle nagusia “La librería” Isabel Coixeten filma izan da: film onenaren, zuzendari onenaren, bigarren mailako gizonezko aktore onenaren, gidoi egokitu onenaren eta argazkigintza onenaren sariak lortu ditu.
“La trinchera infinita”
Bestalde, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko lantaldeak, “Handia”, “Loreak” eta “80 egunean” filmen egileek, iragarri dutenez, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreak zuzenduko dituzte errealitatean oinarritutako film bat egiteko, gaztelaniaz.
“Garen bezala agertzeko beldurra” oinarri duen istorioa udan filmatuko dute, Andaluzian eta Euskal Herrian, eta gidoia Luiso Berdejok eta Jose Mari Goenagak idatzi dute.
Higinio Blancoren bizitza izango du kontagai, errepresalien beldur zelako 1936ko uztailean bere burua etxean gorde zuen gizonarena. Ez zen 33 urte geroagora arte, 1969ra arte, kalera berriz irten.
“Satorrak” izenarekin ezagun egin ziren gizon-emakumeetako bat da Blanco: frankisten estatu kolpearen ondoren, ezkutuan bizi behar izan zuten, askotan hainbat urtez, beren burua salbatzeko.