Zinema
Helena Tabernak zuzenduta
'Nagore' dokumentalaren estreinaldia, Valladolideko Semincin
Erredakzioa
Nagore Laffageren hilketaren inguruko filma zuzendu du Helena Tabernak. Asun Casasola, Nagoreren ama, lanaren estreinaldian izan da. Azaroaren 12an helduko da zinta zinema-aretoetara.
Nagore dokumentala estreinatu dute Semincin, Valladolideko Nazioarteko Zinemaldiaren 55.edizioan. Helena Tabernak zuzendu du lana, eta Nagore Laffageren hilketa bortitza du ardatz nagusi. Jose Diego Yllanesek hil zuen Nagore Laffage 2008ko San Ferminetan.
Filmean parte hartzeaz gain, kontakizunaren hari nagusia ere bere gain hartu du Asun Casasolak, Nagoreren amak. Ostegun honetan, gainera, Valladoliden izan da, lanaren estreinaldian.
Biktimaren familiako kideen zein lagunen testigantzak jasotzeaz gain, lanak prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegia ere plazaratzen du: fiskalarena, alde bietako abokatuena eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariena, besteak beste. Horrez gain, pelikulak artxibo-materiala ere biltzen du, krimenaren berreraikuntzaren irudiak, eta baita epaiketaren atal ezberdinak ere.
Valladolideko Zinemaldiko ''Tiempo de Historia'' sailean ibiliko da lehian Nagore. Aurretik nazioarteko hainbat jaialditan ere parte hartu du, eta orain arte 15 sari eskuratu ditu lanak. Azaroaren 12an helduko da zinema aretoetara.