Itxi

Zinema

Urrian

‘Errementari’ filma Sitgeseko jaialdian estreinatuko dute

N.V. | eitb.eus

Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiak urriaren 5etik 15era ospatuko du bere 50. edizioa. Paul Urkijok ‘Patxi errementaria’ Joxe Migel Barandiaranek jasotako ipuina moldatu du.

“Errementari” Paul Urkijo arabar zinemagileak “Patxi errementaria” herri ipuinean oinarrituta egindako filma Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute mundu mailan, urrian.

Alex de la Iglesiak ekoitzitako lanean, Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Josean Bengoetxea, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreek egin dute lan, besteak beste, pelikula "gotiko, fantasiazko, misteriotsu eta izaki bitxiz betea" sortzeko.

Filma XIX. mendean girotuta dago, deabrua bera engainatzeko gai den errementari baten istorioa kontatzen du eta Arabako euskaran filmatu dute, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntza.

Paul Urkijo gasteiztar zinemagileak lehen film luzea du “Errementari”, “Monsters do not exist”, “El Bosque Negro” eta “Jugando con la muerte” film laburrei esker nazioarte mailan 85 sari bildu eta gero.