Zinema
Hilondoko lana
Juanba Berasategiren azken lana ekainaren 2an estreinatuko dute
eitb.eus
Apirilaren 24an zendutako zinemagileak Toti Martinez de Lezearen ipuin batean oinarritutako filma egin zuen, "Nur eta herensugearen tenplua".
Juanba Berasategi euskarazko animazioaren aitzindaria apirilaren 24an zendu zen, gaixotasun baten ondorioz, eta eginda utzi zuen azken filma, ‘Nur eta herensugearen tenplua’, ekainaren 2an estreinatuko dutela iragarri dute. Lehenago, maiatzaren 27an, aurrestreinaldia izango da, Donostian.
Lotura Films etxeak eman duen informazioaren arabera, Berasategik zuzendutako animaziozko filmak Eneko Olasagastiren gidoia du eta Joserra Senperena arduratu da musikaz.
Toti Martinez de Lezearen ipuin batean oinarrituta, Nur neskatxoaren istorioa du kontagai pelikulak. Txinara joan da bizitzera, gurasoekin batera, eta egun batean bertan egindako lagun baten urtebetetzea ospatuko dute.
Horretarako, jolas-parke erraldoi batean egin dute hitzordua, eta, jolasten ari diren bitartean, omenduaren desagerpenaz ohartuko dira. Haren bila ari direla, labirinto batean murgilduko dira, eta, bertatik ateratzeko, bidean aurkitutako igarkizunak ebatzi beharko dituzte.