Zinema
Film berria
Irailean amaitu nahi du Telmo Esnalek ‘Dantza’ filmatzen
eitb.eus
Fikziozko film musikala prestatzen ari da zuzendaria, 8 eta 82 urte arteko 250 dantzariren parte-hartzea izango duen lana.
Telmo Esnal zinemagilea (Zarautz, 1967) urtarrilean hasi zen “Dantza” bere pelikula berrirako eszenak filmatzen, eta asteburu honetan Leitzan arituko da irudiak hartzen, Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko, Lapurdiko eta Zaragozako beste hainbat tokitan filmatu eta gero.
Txintxua ekoiztetxeak azaldu duenez, “euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta egindako sormenezko pelikula libre bat da 'Dantza', bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikala”.
Esnalek narrazio sinple eta argia osatu duela azaldu dute, eta, dantzen bitartez, gai unibertsal asko jorratu dituela, hala nola bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka.
ETBren parte-hartzea duen pelikularen lantaldean, Juan Antonio Urbeltz eta Argia taldeko kideak izan ditu Esnalek, koreografien inguruan aholkatzen, eta Koldobika Jauregi artista arduratu da pelikularen unibertso estetiko eta bisualaz.
Zinemako 60 profesional baino gehiago ari dira filmean lanean, eta talde eta herri askotako dantzariek hartu dute parte: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar)… Guztira, 8 eta 82 urte arteko 250 dantzarik lan egingo dute filmean, besteak beste, Judith Argomaniz Gipuzkoako Dantza 2017 sariaren irabazleak.
Leitzan egingo dituzten hartualdiekin, filmaren % 80 grabatuta egongo dela iragarri dute ekoiztetxetik; filmatze lanak irailerako amaitu nahi dituzte, eta estreinaldia 2018an izango da.