Itxi

Zinema

02/20-03/05

Zinegoakek Ugandako LGTB zinemaldia sarituko du

eitb.eus

Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Joao Pedro Rodrigues portugaldar zinemagilea eta Queer Kampala Ugandako LGTB zinemaldia omenduko ditu aurten.

  • 2016ko abenduan ospatu zuten lehenengoz Ugandako LGTB zinemaldia

    2016ko abenduan ospatu zuten lehenengoz Ugandako LGTB zinemaldia

Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Joao Pedro Rodrigues portugaldar zinemagilea eta Queer Kampala Ugandako LGTB zinemaldia omenduko ditu 14. edizioan.

Rodriguesek zuzendari onenaren saria jaso berri du Locarnoko jaialdian, O Ornitólogo bere azken pelikulari esker. Sariak ugari jaso ditu nazioarteko hainbat jaialditan (Venezia, Berlin…) eta Cannesen ere estreinatu ditu lanak.

Antolatzaileen arabera, "Europako zinema-zuzendari esanguratsu eta berritzaileenetakoa da" Rodrigues, otsailaren 20tik martxoaren 3ra ospatuko den jaialdiaren ohorezko saria jasoko duen zinemagilea.

Saria, Ugandako zinemaldiari

Gainera, aurten, salbuespen modura, Zinegoakek sari berezi bat emango dio LGTB eskubideen alde lanean ari den mugimendu edo eragile bati, eta Queer Kampalak jasoko du saria, Ugandako LGTB zinema jaialdiak.

Kamoga Hassan zuzendaria Bilbora etorriko da saria jasotzera, eta homosexualitatea legez kanpokoa den herrialde batean (2014. urtean, harreman homosexualak heriotzarekin zigortzea proposatu zuten Parlamentuan, baina ez zuten onartu forma arazoengatik) horrelako jaialdi bat antolatzeak zer dakarren azalduko du.

Hassanek otsailaren 24an jasoko du sari berezia BBK Aretoan, eta bertan "Outed: The Painful Reality" bere pelikula ikusi ahal izango da.