Itxi

Zinema

Martxoak 6-11

Punto de Vista jaialdia, hamaikagarren ediziorantz hegan

Agentziak | Erredakzioa

Zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdiaren hamaikagarren edizioa martxoaren 6tik 11ra egingo dute, eta Oskar Alegriaren azkenekoa izango da zuzendari artistiko gisa.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak 2017ko martxoaren 6tik 11ra ospatuko du hamaikagarren edizioa, ohi baino hilabete geroago, nazioarteko beste zinemaldi batzuekin bat ez egite aldera. Halaber, martxoaren 5an antzerki dokumentaleko atariko bat egingo dute, estreinakoz.

Hirugarren urtez jarraian, Baluarte jauregia izango da egoitza nagusia, eta programazioa beste hiru lekutara zabalduko dute aurten, Bosgarren Horma zikloari esker: Gayarre antzokia, Niza kafetegia eta Baluarteko kafetegia.

Halaber, programazioaren ardura Oskar Alegriak izango duen azkeneko edizioa izango da. Lau urte egin ditu Alegriak jaialdiaren arlo artistikoaren buruan.

Sariak eta sailak

Hamaikagarren honetan, aurreko urteetakoaren antzeko egitura izango du jaialdiak: Sail Ofiziala –Erdialdeko Eskualdea deitua-; Bosgarren horma zikloa; gai baten inguruko atzera begirakoa (Hegan); egile bati eskainitako atzera begirakoa; Heterodoksiak atala, zinemagile bat erreskatatzeko; saio bereziak eta X Films proiektua.

Horrez gain, jaialdiak bere palmareseko ohiko sariei eutsiko die: filmik onenaren Punto de Vista sari nagusia; zuzendaritza onenaren Jean Vigo saria, film laburrik onenaren saria; publikoaren sari berezia; eta Gazteriaren Saria.

“Hegan” atzerabegirakoa

Hegan programak gizakiaren hegan egiteko desioaz hitz egingo du, baita beste gauza askotaz ere: hegaztien hegaldiak, airearen konposizioa, aireportu bateko egunerokotasuna, astronauta baten iritziak, tranpolin jauzilarien akrobaziak, lainoen ahalmen hipnotikoa, xeke arabiarrek belatzekiko sentitzen duten grina, izaki hegodun bihurtzeko saiakerak…

1.200 izen-emate baino gehiago

Guztira, 1.290 film (654 film luze eta 636 film labur) jaso dituzte jaialdiaren antolatzaileek Sail Ofizialean lehiatzeko.

Karimi, errepresaliatuta

Bestalde, Keywan Karimi 30 urteko zinemagile kurdua, zeina Iruñeko jaialdian iaz sari bat jaso baitzuen, urtebeteko kartzelaldia pasatzera eta 223 zigor kolpe jasotzera zigortu duen kondena betetzen hasi da gaur Iranen. “Writing on the city” haren filma “Islamaren aurkako iraintzat” eta erregimenaren aurkako “propagandatzat” jo dute herrialde horretako agintariek, Les Films de l’Apres-midi frantziar ekoiztetxeak zabaldu duenez.

“Writing on the city” lanak aipamen berezia jaso zuen iaz Punto de Vista jaialdian, eta Teherango harresietan idatzitako mezuen eta eginiko grafitietan zehar eginiko bidaia da.