Zinema
Azaroaren 18an
Zinebik Jaime Chavarri zinemagileari emango dio Ohorezko Mikeldia
eitb.eus
Azaroaren 18tik 25era ospatuko da aurten Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdia, eta irekiera ekitaldian jasoko du saria madrildarrak.
Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiak Jaime Chavarri zuzendari, gidoilari, antzezle eta zinema kritikariari emango dio Ohorezko Mikeldia; izan ere, “bera barik, gaur egungo ikus-entzuleek ez lituzkete ulertuko Espainiako zinema garaikidearen bilakaeraren funtsezko zenbait alderdi”, zinemaldiko antolatzaileen esanetan. Mikeldia emateko ekitaldia jaialdiaren inaugurazio galan izango da, azaroaren 18an, Arriaga Antzokian.
58. edizioan, “El desencanto Espainiako dokumentalari ordura arte ikusi gabeko ikuspegiak zabaldu eta ibili gabeko bideak eman zizkion Chavarriren lanaren” estreinaldiaren 40. urteurrena ospatu nahi du Zinebik.
Jaime Chavarri 1943an jaio zen, Madrilen, eta oso gaztetatik eman zituen lehen urratsak zinemagile gisa, Super8 kamera batekin. EOC Eskolan praktika gisa egin zuen lehenengo film laburretako batek (“El asesinato de Sharon Tate”) trabesti bat zuen protagonista, eta eskolako zuzendaritzak zentsuratu egin zuen. 1971n, “Estado de sitio” film laburrak Urrezko Mikeldia irabazi zuen, orduan Certamen Internacional de Cine Documental y Cortometraje de Bilbao izena zuen jaialdiaren 13. edizioan.
“Los viajes escolares” (1973) lan kontzeptual eta konplexua izan zen zinema komertzialerako egin zuen lehenengo lana. Halaber, 70eko hamarkadaren hasieran, zuzendari artistiko gisa aritu zen Chavarri, Carlos Sauraren (“Ana y los lobos”, 1972) eta Victor Ericeren (“El espíritu de la colmena”, 1973) esanetara. Gainera, hainbat unetan, agerpen laburrak izan ditu antzezle gisa Luis García Berlangaren, Fernando Fernan Gomezen eta Pedro Almodovarren filmetan, besteak beste.
1976 eta 1980 artean Elias Querejeta ekoizlearekin izan zuen lankidetzak erakusten du, Zinebiren arduradunen esanetan, bere filmografiako une garrantzitsuena. Garai horretakoa da, hain zuzen ere, “El desencanto” (1976) lana, ordurako hilda zegoen Leopoldo Panero poetaren familiaren kronika latza.
Etapa emankor horren ondoren, Jaime Chavarrik aldatu egin zuen bere lanaren norabidea, eta lankidetza epealdi luzea hasi zuen Alfredo Matas ekoizlearekin, Espainiako idazleen literatur lanen zinemarako moldaketak egiteko: Llorenç Villallonga (“Bearn”, “La casa de muñecas”, 1982), Fernando Fernan Gomez (“Las bicicletas son para el verano”, 1983)…