Zinema
Zinema Frantzian
Woody Allenek Canneseko publikoa eta prentsa liluratu ditu
Erredakzioa
'You will meet a tall dark stranger' filmaren aurkezpenean dibertigarria agertu zen zinemagilea. Gainera, 'Tristana' pelikularen emanaldi berezi batek Luis Buñuel zuzendaria omendu zuen.
Bere azken filma You will meet a tall dark stranger pelikula aurkeztu zuen atzo New Yorkeko zuzendaria Woody Allenek Canneseko 63. edizioaren Zinemaldian. Prentsaurreko jendetsu batean, Allenek iruzkin argiak bota zituen. "Heriotzarekin dudan harremana nolakoa den? Berdina izaten jarraitzen du. Horren aurka nago!", azaldu zuen bertako barreen artean.
Bere azken filmaren aktoreekin batera agertu zen zuzendaria, Josh Broslin, Naomi Watts, Gemma Jones eta Lucy Punch, hain zuzen ere. 75 urte dituela, gauza asko egiteke dituela argi utzi zuen zinemagileak. Bere hurrengo proiektua izango den Midnight in Paris pelikula uda honetan frantziar hiriburuan filmatzera doa.
Pedro Almodovar eta Alex de la Iglesia zuzendari espainiarren eskutik etorri zitzaigun atzo espainiar Estatuko ordezkaritza Frantziako Zinemaldian. Woody Allenen pelikularen emanaldi berezian izan ziren. Fernando Trueba, Isabel Coixet, Barbara Goenaga, Pilar Lopez de Ayala, Rossy de Palma, Oscar Jaenada eta Imanol Arias aktoreak ere izan genituen alfonbra gorriaren gainean ikusgai.
Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroa ere bertan izan zen, Zinemaldiak Luis Buñuel zuzendariari egindako omenaldian parte hartzeko asmoz. Horren harira, zinemagile honen Tristana filmaren saio berezia proiektatu zuten.
Taverniek bere filma aurkeztuko du
Bertrand Tavernierren La princesse de Montpensier filmaren proiekzioa ekarriko digu igande honek. Tavernierrekin batera, aurten 18 film arituko dira lehian 2010eko Urrezko Palma eskuratzeko. Sail Ofizialean arituko direnen artean, Alejandro Gonzalez Iñarrituren Biutiful dugu, Javier Bardem protagonista duen lana. Doug Liman izango da Estatu Batuetako ordezkari bakarra lehiaketan, Seann Penn eta Naomi Watts aktoreen Fair game lanarekin.