Itxi

Zinema

Jaialdia

55 film Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldian, hilaren 22ra arte

eitb.eus

Aurtengo edizioak bi ekitaldi berezi izango ditu, aurtengo Kultur Hiriburutza dela eta: Human Rights Film Network Forum Europarra eta Giza Eskubideen Zinemaldiko Nazioarteko Gazteen Topaketa.

  • "La prenda" filma asteartean, hilak 19, emango dute

    "La prenda" filma asteartean, hilak 19, emango dute

"Land of Mine / Under Sandet" (2015) Martin Zandvliet zuzendariaren film daniarrak inauguratuko du apirilaren 15ean, ostirala, Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia, eta "Fatima" (2015) Philippe Fauconen film frantsesak itxiko du.

Hamalaugarren edizioan, 29 herrialdetako 56 film (33 luze eta 23 labur) proiektatuko dira, eta bost erakusketa ere antolatu dituzte. Beti bezala, hainbat jarduera paralelok osatzen dute programazioa: solasaldiak filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta landuko diren gizarte arloko gaietan adituak diren pertsonekin; ikastetxeentzako goizeko zinema saioak; itxieraren ondorengo egunean Aieten egiten den Musika Parkean & Picnic saioa…

Sarrerak

22 euroko bonu bat dago, Victoria Eugeniako saio guztiak ikusteko. Bestela, saio bakoitzerako sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai, 4,20 euroren truke.

Saria, Tony Gatlifentzat

Tony Gatlif aljeriar aktore, gidoigile, musikari eta zuzendariak jasoko du Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari berezia. 1948an Aljerian jaioa, Tony Gatlif –zineman, beti militante eta ahaztuen ahotsa– ijito-herriaren kronista ofizial bihurtu da bere ibilbide zabalean.

Forum europarra eta gazte topaketa

Duela zenbait urtetatik hona, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Human Rights Film Network (HRFN) sarean sartuta dago. Giza eskubideen zinemaldien nazioarteko sare hau kontinente guztietako 38 kide aktibok osatzen dute.

Hain zuzen ere, elkarte horrek San Telmo Museoan antolatu du zinemaldien sareko forum europarra, eta apirilaren 15etik 17ra egingo dute.

Goizez egingo diren bi jardunaldi irekietan, zinemagileek, gizarte-ekintzaileek eta hala nahi duten pertsonek hartu ahal izango dute parte. Bertan gai hauek landuko dira: Mugak, Babeslekua eta Migrazioa (apirilak 15) eta Giza Eskubideen Zinemaren Inpaktua (apirilak 16). Goizeko hirugarren jardunaldian (apirilak 17) HRFN taldeko kide europarrek barne-bilera egingo dute.

Zinema eta Giza Eskubideen Nazioarteko Gazte Topaketa, berriz, apirilaren 15etik 22ra egingo da. Ikasketak zinema edo giza eskubideen arloan jorratzen ari diren 30 gaztek osatuko dute parte hartuko duen taldea; 7 Donostiakoak eta ingurukoak izango dira, 19 Europako gainerako herrietatik etorriak eta 4 Mendebaldeko Saharakoak.