Itxi

Zinema

Goya Sariak 2016

'Truman' nagusi, 5 Goya sari irabazita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'La novia' filmak 12 hautagaitza bazituen ere, bi sari baino ez ditu irabazi. Bestalde, Patxi Uriz nafarrak Film Labur Dokumental Onenaren saria lortu du.

2:04

Truman izan da 2016ko Goya sarien 30. edizioko protagonista nagusia; izan ere, bost sari bereganatu ditu, tartean, sari potoloenetako batzuk. Dena den, sariak, oro har, oso banatuta egon dira, eta 12 hautagaitza zituen La novia filmak, esaterako, bi sari baino ez ditu eskuratu.

Cesc Gay zuzendariaren Truman filmak 6 izendapen zituen eta 5 sari irabazi ditu azkenean: Film Onenarena, Zuzendari Onenarena, Jatorrizko Gidoi Onenarena, Gizonezko Aktore Nagusi Onenarena (Ricardo Darin) eta Antzeztaldeko Gizonezko Aktore Onenarena (Javier Camara).

Sari gehien jaso dituen bigarren pelikula Isabel Coixeten Nadie quiere la noche izan da. Guztira, 9 kategoriatan zegoen izendatuta eta 4 Goya Sari eskuratu ditu, hala nola, Ekoizpen Zuzendaritza Onenarena, Musika Onenaren Saria, Jantzi Diseinu Onenaren Saria, eta Makillaje eta Ile-Apaintzaile Onenaren Saria. Hala ere, ez du kategoria garrantzitsuenetan saririk irabazi.

A cambio de nada filmak, Daniel Guzmanen lehendabiziko lanak, bi sari erdietsi ditu: Zuzendari Berri Onenarena eta Gizonezko Aktore Berri Onenarena (Miguel Herran).

La novia filma izan da 2016ko Goya sarietako galtzaile nagusia, izan ere, hamabi izendapenetatik bi sari baino ez ditu irabazi: Argazki Onenaren Saria eta Antzeztaldeko Emakumezko Aktore Onenarena (Luisa Gavasa).

Fernando Leon de Aranoa zuzendariaren Un dia perfecto filmak sari bakarra eskuratu du, Egokitutako Gidoi Onenaren Saria, guztira 8 izendapen bazituen ere.

Bestalde, Natalia de Molinak Emakumezko Aktore Onenaren Goya Saria jaso du Techo y comida filman egindako lanagatik. Haren hitzaldian, emakumearen presentzia aldarrikatu du zineman. "Zinema ere garaile irteten da emakumeari toki gehiago ematen dioenean", gaineratu du.

Euskal zinema

Ez da gau bereziki oparoa izan euskal zinemarentzat, izendatuta zeuden guztien artetik Patxi Uriz nafarrak soilik bereganatu du Goya Saria. Zuzendari nafarrak Film Labur Dokumental Onenaren Goya Saria irabazi du Hijos de la Tierra lanagatik. Halaber, Lara Izagirre zuzendari zornotzarraren Un otoño sin Berlin filmak Goya saria irabazi du Emakumezko Aktore Berri Onenaren atalean (Irene Escolar).

Premios Goya 2016, Goya sariak 2016, Hijos de la Tierra, Axel O'Mill Tubau,  Patxi Uriz EFE

Axel O'Mill Tubau eta Patxi Uriz nafarra. Argazkia: EFE

2016ko Goya Sarietara izendatuta zeuden gainerako euskal herritarrek ez dute saririk lortu: Iraia Elias, Amama filmagatik Emakumezko Aktore Berri Onenaren Sarirako izendatua; Asier Etxeandia, La novia pelikulan egindako lanagatik Gizonezko Aktore Nagusi Onenaren Sarirako izendatua; Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra, lau kategoriatan izendatua Mi Gran Noche pelikulagatik; Borja Cobeaga zuzendaria El negociador lanagatik Jatorrizko Gidoi Onenaren Sarirako izendatua. Halaber, Karmele Soler makillatzailea (Palmeras en la Nieve) eta Alberto Iglesias musikaria (Ma Ma) ere esku hutsik gelditu dira.

Ohorezko Goya Saria, Mario Ozoresentzat

Mariano Ozores aktore, zuzendari eta gidoilariak jaso du aurten Ohorezko Goya Saria. Espainiako Zine Akademiak haren ibilbidea oparoa saritu nahi izan du eta sarituak haren ibilbidean lagun izan dituen aktoreak izan ditu gogoan.

Ozoresen hitzetan, "hau ez litzateke posile izango" haren 96 filmetan agertu diren aktoreen laguntzarik gabe. "Goya sari hau aktore eta lagun ditudanekin partekatu nahi dut: Fernando Reyrekin, Alfredo Mayorekin, José Luis López Vázquezekin, Paco Martínez Soriarekin, Manolo Escobarrekin, Lina Morganekin, Concha Velascorekin eta, nola ez, Jose Luis eta Antonio nire anaiekin", adierazi du. Hala ere, barkamena eskatu die "esan gabe utzi" dituen, baina "bihotzean" daramatzan horiei. Bestalde, publikoari ere eskerrak eman dizkio.

Premios Goya 2016, Goya sariak 2016, Goya de Honor, Mario Ozores, EFE

Mariano Ozores. Argazkia: EFE