Itxi

Zinema

Goya sariak

David Ilundain: 'Community manager lanagatik ere izenda nintzaketen'

Natxo Velez | eitb.eus

Zuzendari nafarra gidoi egokitu onenaren Goya sarirako izendatuta dago, “B” filmarengatik. Luis Barcenas PPren diruzain ohiak Auzitegi Nazionalean eginiko deklarazioa jasotzen du pelikulak.

David Ilundain (Iruñea, 1975) dago ?B? filmaren atzean. Bera izan da joan den urtean Espainiako Estatu mailan zeresan handiena eman zuen filmaren zuzendari eta gidoigilea, eta datorren larunbatean, hilak 6, gidoi egokitu onenaren Goya saria irabazteko izendatuen artean egongo da zinemagile nafarra. Halaber, filmeko bi aktore nagusiak, Pedro Casblanc eta Manolo Solo, ere saria eskuratzeko hautagaien artean egongo dira, aktore nagusiaren eta bigarren mailako aktorearen ataletan, hurrenez hurren.

?Ruz-Barcenas? Jordi Casanovasek idatzi eta Teatre Lliurek eta Teatro del Barriok elkarrekin ekoitzitako antzezlanaren egokitzapena da ?B?, eta, berorrek bezala, Luis Barcenas Espainiako Alderdi Popularraren diruzain ohiak 2013ko uztailaren 15ean Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean eginiko deklarazioa du oinarri.

Ilundainengana jo dugu, duela aste pare bat Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkartearen eskutik zinema aretoetan bide hobea mereziko zukeen filmaren saria jaso zuen pelikulari buruz gehiago jakiteko, ikusleak ustelkeriaren lizunkeriaren aurrean paratzen duen filmaz zertzelada batzuk eman diezazkigun.

Nola hartu duzu Goyetarako izendapena? Espero zenuen?

Bada, ez. Zuzendari berri onenaren atalean aukeraren bat egon zitekeela uste nuen, baina, filmean denetarik egin dudanez, furgoneta gidari edo community manager onenaren sarirako ere hauta nintzaketen.

Zure atal berean, Agusti Villaronga (?El rey de La Habana?), Javier Garcia Arredondo eta Paula Ortiz (?La novia?) eta Fernando Leon de Aranoa (?Un día perfecto?) ere daude izendatuta. Ikusi dituzu horien lanak? Zer deritzezu?

Lotsa pixka bat ematen dit laukote horren barruan egoteak. Oso lan onak dira eta, Agustiren edo Fernando Leonen kasuan, ospe handiko zuzendarienak. Beraz, oso pozik nago gure lana beste hiru film handirekin batera honaino heldu dela ikusita.

?B?k ?Ruz-Barcenas? Jordi Casanovasek idatzi eta Alberto San Juanek zuzendutako antzezlana du oinarri. Zerk piztu zizun pantaila handira eramateko gogoa? Zer alde daude oinarrizko testuaren eta zuk filma eraikitzeko erabili duzun gidoiaren artean?

Jordi Casanovasen ideia bikaina da: Barcenasek Ruzen aurrean eginiko deklarazioa agertokira eramatea. Eta Alberto San Juanek Teatro del Barrion, Lavapiesen, erakusteko izan zuen ausardia saritzeko modukoa da bere horretan.

Alde nagusia da guk dokumentaletik gertu dagoen estetika eman diogula. Narrazioaren aldetik, ikuslea Auzitegi Nazionaleko txoko batera eraman nahi genuen, bertatik Barcenasek PPko kupula osoa B kontabilitatean inplikatu zueneko pasarte beldurgarria ikus zezan.

Horretarako, deklarazioaren bost orduak berriz aztertu eta laburtu behar izan genituen, eta antzezlanean agertzen ez ziren pertsona/pertsonaia gehiago sartu.

Zer helarazi nahi zenion ?B?ren ikusleari? Filma ikusi berri duenaren buruan zer ideia ibiltzea nahiko zenuke?

Ez dut inolaz ere ikuslearen pentsamendua gidatu nahi, baina istorioa ikustea nahi dut: zintzotasunez egin ahal den guztia istorio jakin baten gainean argia jartzea da. Gertatu egin zen; bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Ez dago zertan abokatua izan zer gertatu zen, onura nork atera zuen eta hori guztia geuk ordaintzen genuela jakiteko.

Zer izan da zailena Barcenasen jatorrizko deklarazioa 78 minutura laburtzeko?

?Ekonomia narratiboa? eta erritmoa lortzeko ariketa handia izan da. Berez, deklarazio judizial bat aspergarria, errepikakorra eta desordenatua da.

Emanaldietan ikus-entzuleen aurpegietan ikusten den tentsioa, haserrea eta barreak ikusita, eta sare sozialen bitartez esaten dizkigutenak irakurrita, azterketa arrakastaz gainditu dugula uste dut.

Pedro Casablancek Barcenasen larruan eta Manolo Sotok Ruzenean egin duten lanak kritika oso ona jaso du oro har, eta Goyetarako izendatu dituzte bata zein bestea. Nolakoa izan zen beraiekin eginiko lana?

Niretzat zoragarria izan zen; beraientzat, oso gogorra. Sei egunean filmatu genuen, eta ez zuten non ezkutatu: edo lan bikaina egiten zuten edo filmak ez zuen funtzionatuko. Eta funtzionatu egiten du.

Egun batean, antzezlana egitera joan ziren (?Ruz-Barcenas? antzezlanaren protagonistak ere badira), gainerakoak filmatzen geratu ginen bitartean, eta gero itzuli egin ziren. Eromena izan zen haientzat, testuak ezberdinak baitziren antzerkian eta gidoian?

Sari guztiak merezi dituzte. Magia egiten dute, eta Ruz eta Barcenas ikusten ari zarela pentsarazten dizute.

barcenas b la película pedro casablanc

Pedro Casablanc da Luis Barcenas "B" David Ilundainen filmean. Argazkia: Alvaro García Coronado

Zinema aretoetatik pasatu eta gero, ikusleek Internet bidez ikusi ahal dute orain gure lana, 2,99 euroko alokairua ordainduta. Arrakasta izaten ari da formula hori?

Bai. Mugimendu handia dago Interneten.

Pelikula 55.000 euro bildu zituen crowdfunding kanpaina bati esker gauzatu ahal izan dugu. Harrezkero, Internet izan da pelikula behin eta berriz gomendatzen ari den publiko gartsu batekin komunikatzeko bidea. Gure webgunean eta Filmin, Movistar+ eta ohiko beste plataformetan ikusi ahal da, eta dendetan ere salgai dago jada, DVD formatuan.

Oker ez banago, filmatzen ari zara. Zer proiektu duzu esku artean?

Bada, ?El secreto de Puente Viejo? Antena 3eko telesaila filmatzen ari naiz. Script gisa ari naiz bertan lanean, ez zuzendari bezala, aspaldi dela.

Pertsonalki, ?B?tik aldendu behar naiz, eta udaberrian aukeratuko dut zirriborraturik ditudan proiektuetatik zeini heltzen diodan. Nahiko berde daude oraindik.

Film batek 3-5 urteko lana dakar.  Ondo aukeratu behar da zertara bideratuko den horrenbeste energia eta denbora, istorio hori kontatzea merezi ote duen. Aukera ona egin nahiko nuke.