Zinema
Elkarrizketa
'Jendea den bezala onartzeaz dihardu ‘Un otoño sin Berlin’ek'
Natxo Velez | eitb.eus
Lara Izagirre zornotzar zuzendariak “Un otoño sin Berlin” bere lehen film luzea estreinatuko du gaur Estatuko zinema aretoetan. Irene Escolar protagonista duen filma Zinemaldian aurkeztu zuten.
Lara Izagirrek (Zornotza, 1985) mugarri bat jarriko du gaur, zinemagintzan zabaldu duen ibilbidean: hain zuzen ere, Estatu osoko berrogeita hamar zinema aretotan estreinatuko dute, ostiralarekin, “Un otoño sin Berlin” haren lehen film luzea.
Baina Izagirrek ez dio erronkari esku-hutsik aurre egingo, ez du sarerik gabe jauzi egingo amildegira, ezpada bere lehen film luzeak jaso berri dituen loreen babesarekin. Irene Escolar filmeko protagonistak bi aipamen berezi jaso ditu, Donostiako Zinemaldian bata eta Tuterako zinema jaialdian bestea, eta film onenaren epaimahaiaren saria eman diote pelikulari Donibane Lohizuneko jaialdian.
“Un otoño sin Berlin” ETBren parte hartzea duen filmak Juneren (Irene Escolar) istorioa kontatzen du. Kanadan bizi eta gero, jaioterrira itzuliko da, eta dena aldatu dela aurkituko du bertan. Horrela, familian izan zuen tokia berreskuratzen saiatuko da, eta, idazle bekozkoduna den mutil-lagunarekin batera, Berlinera joan eta bizitzan beren tokia topatzeko amets zaharrari berrekingo dio.
Lara Izagirrerekin hitz egin dugu, filma zinema aretoetan estreinatu baino lehentxeago.
Nola sortu zen istorioa? Zerk bultzatu zintuen “Un otoño sin Berlin” idaztera?
“Un otoño sin Berlin” niretzat garrantzitsuak ziren gauzak kontatzeko beharrizan inkontzientetik abiatu zen. Zinemaren bidez bakarrik helarazi ahal nuena komunikatu behar nuen.
Idazketa prozesua oso inkontzientea izan zen, ez nuen argi ez gaia ezta gertakizunak ere. Denborak aurrera egin duen heinean, oso prozesu benetakoa izan dela ulertu dut, orduan bizitzen ari nintzenarekin lotuta egon dena; ez neukan argi pertsona gisa zer bizitzen ari nintzen eta zer bide hartu behar nuen.
Horregatik, pelikularen gakoa ez dira gertakizunak, jazoera dramatikoak, "Un otoño sin Berlin" ez da gertakarien segida bat. Bizitzaren une jakin bateko sentsazio konkretu bat helarazi nahi nuen, jaioterrira itzuli eta lekuz kanpo egotearekin zerikusi estua duen egoera. Baina, oroz gaindi, maite dugun jendea den bezala, aldatzen saiatu gabe, onartzeaz dihardu filmak. Idatzi nuenetik urte batzuk pasatu diren honetan, maila pertsonalean horixe ikasten ari nintzela uste dut, errealitatea datorren bezala eta pertsonak diren moduan onartzen.
June filmeko protagonistak aldatuta aurkituko du bere lehengo ingurunea, atzerrian egon eta gero jaioterrira itzultzean. Ez al dago hori berak pertsona gisa jasandako aldaketarekin lotuta? Ez ote du Junek oraindik bereganatu, Sarrionandiak dioen bezala, joaten dena beti itzultzen dela toki desberdinera?
Egia da, erabat ados nago Sarrionandiarekin: itzultzen denak beti aurkitzen du joan zenekoa ez-bezalako tokia, eta hori kasuan kasuko pertsona horrek berak jasandako aldaketari zor zaio, dudarik gabe. Horrek ez du esan nahi, nolanahi dela, zure lehengo testuingurua ere aldatu ez denik.
Juneri dagokionez, ama hil eta gero joan zen herritik, inguruan zuena hankaz gora jarri zuten gatazkak ebatzi gabe utzita.
Nola deskribatuko zenuke Zornotzak filmean duen pisua?
Filmean ez da herri hori denik esplizituki esaten, baina funtsezkoa izan zen bertan filmatzea. Herritarren bultzada erabatekoa izan da, Udaletik hasi eta herritarretaraino. Erraztasun handiak eman zizkidaten filmatzeko, une oro babestu eta animatu gaituzte. Ikaragarria, oso ederra, izan da hazi naizen kale eta tokietan grabatu ahal izatea.
Zer da, bestalde, Berlin protagonistentzat?
Nolabait, ikuslearentzat irekita gelditzea gustatzen zait. Baina esan genezake aukera guztiak zabalik aurkituko dituzten tokia dela… Eurak izateko eragozpenik jarriko ez dien tokia dela dute amets.
Besteak beste, Irene Escolar Zinemaldian kritika oso onak eta ohorezko aipamen bat jaso zituen aktorea, Tamar Novas eta Ramon Barea ageri dira lantalde artistikoan. Zer azpimarratuko zenuke bakoitzaren lanari buruz?
Irenerengandik, erabateko karra azpimarratuko nuke, eta, nola ez, talentu erraldoia. Bidelagun izan dut, entseguak egiten hasi ginenetik. Nire aburuz, espainiar aktorerik onenetakoa da. Filmean ikaragarri dagoela uste dut zinez, eta sari gehiago jasotzea espero dut. Niretzat, denak merezi ditu.
Tamarri dagokionez, filmarentzat dena eman izana eta egiten duena bezain pertsonaia zaila egiteko ahalmena nabarmenduko nituzke.
Ramonen gainean, berriz, esperientzia, gertutasuna eta berarekin komunikatzeko erraztasuna. Neure burua babestuta ikusi dut berari esker, eta konfiantza handia eman dit, berarengan ez ezik, neure buruarengan ere.
Zinemaldian estreinaldia egin eta Donibane Lohizunen saria jaso ostean, zer erantzun jaso duzu publikoaren aldetik? Zer bide aurreikusten diozu filmari aurrerantzean?
Egia esan, oso onak izan ziren, baina hori guztia mamurtzen ari gara oraindik. Jende asko hurbildu zait filmak nola edo hala hunkitu egin duela esateko… Ez dakit hori oso ohikoa den, nire lehen filma baita.
Egia esan, ez dut pentsatu nahi izan zer gerta daitekeen, baizik eta egunez egun promozioan lan egin. Filma 50 aretotan estreinatuko da, eta erantzukizun handia da.
Zer helduko da “Un otoño sin Berlin”en ostean? Zertan ari da lanean Lara Izagirre?
Oraintxe bertan, bi proiektutan ari naiz: komedia bat eta dokumental bat. Idazketa fasean nago oraindik; beraz, nahiago dut horiei buruz gehiegi ez esan. Esan ahal dizudana da “Un otoño sin Berlin”ekin ez dutela zerikusirik izango, nire estilo libreari eusteko egingo dudan ahaleginaz haraindi.
Filma gaur estreinatuko da, eta beste zuzendari batzuek esan didate estreinuaren biharamunean hurrengo lana idazten jardun behar dudala. Gogoak larunbatean zer eskatzen didan jakiteko irrikaz nago!