Itxi

Zinema

Ohore domina

Frantziako Arte eta Letren Ordenak Pablo Berger zuzendaria saritu du

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotar zinemagilearen hitzetan, “ohore handia eta bultzada” dakartza sariak. 2016an, “Abracadabra” drama, suspensea eta zinema fantastikoa uztartzen dituen komedia beltza filmatuko du.

Pablo Berger (Bilbo, 1963) “Blancanieves” filmaren zuzendariak Arte eta Letren Odenaren ohore-domina jasoko du Frantziako Gobernuaren eskutik, “Abracadabra” 2016ko udan filmatzen hasiko den proiektuaren ekoizleek jakinarazi dutenez.

Bergerrek arrakasta handia izan zuen aurretik ere Frantzian, besteak beste, “Torremolinos 73” filmarekin, eta “Blancanieves” frantziar eta espainiar koprodukzioarekin Zesar sarietarako izendatu zuten atzerriko film onenaren sailean. Espainian baino ikusle gehiago izan zituen, gainera, filmak Frantzian.

“Ohore handia eta bultzada da. Sari eta aintzatespenek poz sakona eragiten didate, baina lotsa ere bai, merezi ez ditudala uste baitut”, esan du Bergerrek.

Horren hitzetan, “Frantziaren oniritzi eta onarpenik gabe, zinemaren munduan ez zara inor; balio erantsia du, beraz, golardoak. Vive la France!”.

“Abracadabra” komedia beltza ere Espainiaren eta Frantziaren arteko koprodukzioa da, eta drama, suspensea eta zinema fantastikoa nahasiko ditu. 2016an hasiko dira filmatzen, batik bat Madrilen.