Itxi

Zinema

Oscar sariak

'Loreak', Oscarretarako hautagai

N.V. | eitb.eus

Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma Espainiaren hautagaia izango da Oscarretako atzerriko film onenaren atalean.

16:01
Azpimarra Itziar Ituñorekin

"Loreak" Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma atzerriko film onenaren Oscarrerako hautagaia da. Espainiako Akademiak euskaraz filmatutako lana aurkeztuko dio Hollywoodeko Akademiari sarirako azken aukeratutakoen artean, otsailean Los Angelesen sariaren bila jardungo diren filmen bidean, aintzat har dezan.

Espainiako Zinema Akademiak aukeratutako behin-behineko beste bi hautagaiei gailendu zaie "Loreak", "Magical girl" iazko Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazleari eta "Felices 140" Gracia Querejetaren lanari. AEBko Zinema Akademiaren hautaketa batzordearen esku egongo da orain ETBren parte-hartzea duen filma otsailaren 28an Kodak antzokiko alfonbra gorrian ordezkatuta egongo den erabakitzea.

Bide luze eta nekeza du orain aurretik "Loreak"ek: balio artistikoa frogatu eta berretsita, AEBko banatzaileak kanpaina gogorra egin beharko du Atlantikoaz haraindi, filma azken aukeratuen zerrendan sartzeko eta otsailean atzerriko film onenaren sarirako behin betiko hautagaien artean egoteko. Lehen urratsa emanda dago, nolanahi den, eta pauso sendoa da zinez.


"Loreak"ek historia egiten jarraitzen du euskal zinemagintzan: euskaraz filmatutako lehen lana izan zen Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzen, Goya sarietarako bi izendapen jaso zituen (musika eta filmik onena) eta, orain, Oscarretarako behin betiko bidean jarri da.