Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Borja Cobeaga: 'Zama arinduko du jende askok, ‘Negociador’ ikusita'

Natxo Velez | eitb.eus

Donostiar zinemagileak “Negociador” bere hirugarren film luzea estreinatu du; ETAk eta Jesus Eguiguren politikariak 2005 eta 2006. urteetan izandako negoziazioen bestaldea jaso du bertan.

  • Borja Cobeaga

    Borja Cobeaga

Borja Cobega donostiar zuzendaria bueltan da, “Pagafantas” eta “No controles”en ostean, “Negociador” bere hirugarren film luzearekin. Zinemaldian erakutsitako lan honetan, lehen bi pelikuletako estilo komiko zoro eta neurrigabetik aldendu eta kutsu tragikomikoago batera lerratu da Cobega.

Hain zuzen ere, 2005 eta 2006. urteetan ETAren ordezkariek eta Jesus Eguiguren PSE-EEko euskal politikariak izandako elkarrizketen alderik gizatiarrenari begiratzen dio ostiraletik, hilak 13, aurrera zinemetan ikusi ahalko den filmak.

Donostiar zinemagilea hotsandiz, urruntasunez, aurkeztu ohi diren elkarrizketen alderik xeheenera, gertukoenera, hurreratu da herrialdearentzat berebiziko garrantzia izan zuen gertakari baten ‘b aldea’ agerian uzteko. Titular handien, kontakizun politikoen, itzaletan gelditu zirenak eraman ditu pantailara Cobeagak, hala nola, diskrezioak aginduta, kreditu txartelik erabili ezin eta elkarrizketetako parte-hartzaileek ogitartekoak jaten zituztela edo horren munta handiko arazoei ekin aurretik negoziatzaileek elkarrekin sanferminetako entzierroak ikusten zituztela, esaterako.

Borja Cobeaga “Vaya Semanita”n parte hartu zueneko aspaldiko lagun eta “Ocho apellidos vascos” arrakastatsuaren gidoilariarekin (Diego San Jose kidearekin idatzi zuen filma) hitz egin dugu, ‘Negociador’ filmaren nondik norakoak ale diezazkigun.

Zelan piztu zen pelikula ekarri duen txinparta? Noiz esan zenion zeure buruari ‘hau pelikula batean kontatzeko modukoa da’?

Telebista saio batean Jesus Eguiguren elkarrizketatu zuten; 2005. urtearen inguruan ETArekin eginiko negoziazioaz ziharduen. Lekukotasun horren bidez, esperientzia horrek berarengan arrasto sakona utzi zuela ikus zitekeen. Une horretantxe Eguigurenek berak Aizpeolearekin elkarrizketari buruz idatzi zuen liburua kaleratu zuten, Angel Amigok gai horren inguruan eginiko dokumentala, ETBk “Bisitaria” egin zuen berarekin…

Informazio asko zegoen nonahi. Baina pelikula bat egin nezakeela eguneroko detaileek pentsarazi zidaten: solemnetzat dugun horren eta egiatan gertu-gertukoa den errealitatearen arteko kontraste erabatekoak. Hartara, negoziazio mahaiaz kanpo gelditzen zen hori hartu nuen ardatz, elkarrizketa horien alde gizatiarra.

Zer aurkituko du ikusleak ‘Negociador’ lanean?

Ez dut ikuslea engainatu nahi. Ez du nire aurreko filmen estiloko komedia zororik aurkituko. Tragikomedia da, umore lehor samarra duen komedia malenkoniatsua. Barreak badaudela uste dut, baina egoera batzuen izaera absurduek eragiten dituzte, txisteek baino gehiago.

Euskadin garrantzi handia izan duten, toki gehiegi hartu duten, gauza batzuk desmitifikatu nahi ditu pelikula honek, mintzairaren, egunerokoaren, politizazioa, adibidez. Nire ustez, ikusle askok zama handia arinduko dute ikusita.

Guztion begietarako hain serioa den elkarrizketa baten eguneroko zein aldek piztu zizun arreta?

Askok. Hasi negoziatzaileek, kreditu txartela erabili ezin zutenez, ogitartekoak soilik hartzen zituztenetik eta sakelako telefonoak erabiltzen zuten trebezia faltaraino. Bitartekariek Eguiguren ETAren ordezkaritzat hartu zutenekoa ere… Hori benetan gertatu zen, eta pelikulan agertzen da.

Gauza bat ez nuen filmean sartu, gehiegizkoa iruditu zitzaidalako… Goizero, negoziazioari ekin aurretik, Josu Ternerak eta Eguigurenek San Fermin jaietako entzierroak ikusten zituzten. Pelikula batean, itxura faltsua emango luke horrek, sainete traza hartuko luke. Baina horrela izan zen.

Nik gauza asko asmatu ditut, pelikula ez baita kronika, politikaren ikuspegi desmitifikatzailea baizik. Espero zitekeen seriotasunaren ordez, kasualitatea eta baldarkeria agertzen dira.

Nola aurkitu zenuen istoriorako tonu egokia? Gizartearen gehiengoak onartu egin du dagoeneko horrelako gaien inguruan ere komediak egin daitezkeela edo erreparorik aurkitu duzu?

Tonua istorioa bera baino lehenagokoa da. Izan ere, beste ezeren gainetik, pelikula tragikomikoa egin nahi nuen. Istorio hau agertu zen orduan, eta jorratu nahi nuen estiloari ondo baino hobeto egokitzen zitzaion. Ez da gagetan oinarritutako umorea, “Vaya Semanita”n edo “8 apellidos vascos”en ageri dena bezalakoa. Beste gauza bat da.

Nolanahi ere, Euskal Herriko eta Espainiako publikoak gai horren inguruan heldua dela erakutsi du dagoeneko. ‘Negociador’ bere garaiaren emaitza da, eta, ondorioz, “Vaya Semanita” ETAren su-eten baten garaian eta euskal gizartea aspertuta zegoela jaio zen bezala, “Negociador”en estreinaldia orain urte batzuetakoa ez bezalako garai batean dator.

Gidoia egiteko orduan, elkarrizketak benetan nola izan ziren jakiteko dokumentatu zara edo zure kasa interpretatu dituzu? Hitz egin duzu bertan bildu zirenekin?

Dokumentazio lan osoa erreportajeak eta liburuak irakurtzen eta dokumentalak ikusten egin dut… Nahiago nuen idatzizko edo ikus-entzunezko lekukotasunak jaso, iruditzen baitzitzaidan parte-hartzaileekin harremanetan jarriz gero beraiekiko enpatia izango nuela eta ez nuela kontatu nahi nuena askatasun osoz kontatuko. Stockholmeko sindromea izango nuen, eta alde baten alde egingo nuen ezinbestean edo eszena batzuei aurre egiteko lotsa izango nuen.

Pelikulak ahalik eta ideologia karga gutxien izan behar zuen. Eta gauza bat uzten du soilik agerian: elkarrizketaren defentsa argia, gatazkak hitz eginez konpontzen diren aldarria.

Zergatik aukeratu zenituen Ramon Barea, Josean Bengoetxea eta Carlos Areces?

Gidoia idazten ari nintzela begitandu zitzaidan eurak izan behar zirela, eta ohorea izan da niretzat pelikula egitea onartu izana. Haien baiezkoak bultzatu ninduen filmatzera, ez bainuen oso argi ikusten halako ekoizpen bat gauzatu ahalko zenik. Hasieratik nerabilen buruan pelikula txikia izan behar zela: bitarteko gutxi baina askatasun handiz egin behar zen. Horretan, Nahikari Ipiña nire bazkideak laguntza paregabea eman dit.

Ramonekin errepikatzeko arrazoia da aktore paregabea iruditzen zaidala, eta ezaugarri bitxia du, gutxitan aurkitzen dena: oso barregarria da, baina ez zaio ahalegina igartzen. Gainera, pertsonaia oso gizatiar bihurtzen du, gozotasuna gaineratzen dio. Eta gidoia oso zinikoa zenez, berak islatzen duen onberatasuna bikain zetorkidan.

Josean Bengoetxearekin lan egiteko gogoa aspalditik neukan, eta azkenean batera lan egin ahal izan dugu.

Eta Carlos Arecesek egin behar zuen pertsonaiak itxura atsegina baina mintzaidea bat-batean izutzeko gaitasuna izan behar zituen. Carlos aktore handia da, eta behar nuen hori eman dit.

'Negociador' Barea Cobeaga

Ramon Barea, Borja Cobeaga, Carlos Areces eta Secun de la Rosa, "Negociador" filmatzen

Zure aurreko lanek (“Pagafantas”, “Vaya Semanita”…) barre algararako atea zabaltzen zuten, baina ‘Negociador’ honek ukitu mikatzagoa, tragikomikoa, du. Zelan egingo dio aurre jendeak horri, zure aburuz?

Nahasita geldituko dira asko, baina beste batzuek komedia lasaiagoa, karranka gutxiagoko lana, eskertuko dute. Logikoa da, nire ibilbidea kontuan hartuta, komedia neurrigabea espero izatea, baina ulertu beharko dute gai honek ez duela algara askorako ematen; hartara, umore deserosoagoa da pelikulakoa.

Pentsatu nahi dut askok ustekabe atsegina hartuko dutela, pelikula helduagoa aurkituta.

“Ocho apellidos vascos”en inguruan ere galdetu behar dizut, nahitaez, oker ez banago, maiatzean hasiko baitira bigarren zatia filmatzeko lanak. Nola ari zarete lanean sortu den jakin-minaren aurrean? Zelan bizi izan zenituzten Goya sariak banatzeko ekitaldian zuen lanaren ahanztura eta haren ostean lankide askok eman dizuen babesa?

Batetik, Diego San Josek eta biok bagenekien ezustekorik ez genuela berriz emango, eta, hain zuzen, ustekabea izan zen lehen zatiaren arrakastaren gako nagusia. Ez zen “Torrente” bat edo “Lo Imposible” bat, ez genuen halako arrakastarik espero.

Publikoa sekuelaren zain dago, eta horrek presioa helarazten digu, baina polita ere bada, ez baita ohikoa jendea zure lan baten zain egotea. Zirraragarria da.

Goyei dagokienez, ulertzen dut gidoigileek gu babestea, baina egia da ezein gidoigilek ez duela izan Diegok eta biok pelikulen idazle gisa eduki dugun ospea. Ez da ohikoa gidoigileek horrenbeste pisu izatea, hedabideetan horrenbeste agertzea edo arrakastarako egin duen ekarpena horrenbeste balioztatzea. Horren aurrean, Goyetan gertatu zena anekdota iruditzen zait. Aktoreek Emilio Martinez Lazaro zuzendariaren papera goraipatu nahi izan zuten, berak merezi baitu best inork baino gehien. Bera da “8 apellidos vascos”en arrakastaren eragilea.

Euskal zinemaren bolada on baten aurrean gaudela dirudi: “Loreak”, “Negociador”, “Lasa eta Zabala”, “A escondidas”, “Los tontos y los estúpidos”… Zelan ikusten duzu zuk?

Formatu luzean, formatu laburrean eskarmentua hartu dugun zuzendari belaunaldi baten fruituak biltzen ari garela uste dut. Ez dago egungo euskal zinema ulertzerik Kimuak katalogoak bildu duen harrobia kontuan hartu gabe.

Egun euskal film luze onen boladan bagaude, aurretik eta baita orain ere film labur onak egon direlako eta daudelako da. Talentua sustatu egin da, eta orain film luzeetan islatzen ari da hori.