Zinema
Estreinaldiak
'Ocho apellidos vascos' jaun eta jabe zinemetan, lehen asteburuan
Erredakzioa
Emilio Martinez Lazaro zuzendariak Borja Cobeaga eta Diego San Joseren gidoi batean oinarrituta egin duen filma espainiar zinemaren estreinaldi onena izan da 'Lo imposible' estreinatu zutenetik.
-
Dani Rovira eta Clara Lago protagonistak.
"Ocho Apellidos Vascos" zinemetan nagusi izan da duda izpirik gabe Espainiako Estatuan, estreinatu duten asteburuan; 2.830.000 euro pilatu ditu sarreratan, asteburu osoan zinemetan bildutakoaren % 40. Zerrendako bigarrenak bildutakoaren hirukoitza pilatu du.
"Ocho Apellidos Vascos"ena, gainera, "Lo Imposible" zinemetara heldu zenetik espainiar film batek izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan da. Jatorrizko gidoia duen espainiar komedia batek inoiz izandako estreinaldirik onena ere bada, eta espainiar pelikulek inoiz izan duten harrera onenetan hamabosgarrena jaso du.
EiTBren parte-hartzea duen pelikulak Rafa (Dani Rovira) andaluziar petoaren istorioa kontatzen du. Ez da inoiz bere Sevilla maitetik irten bizitzan gehien inporta zaiona lortzeko: Xerezko ardoa, gomina eta emakumeak. Halako batean, baina, dena aldatuko da, Amaia (Clara Lago) agertuko baita, baina ez du horren erraz izango euskal emakumea limurtzea. Rafak edozer gauza egingo du haren arreta erakartzeko, eta Euskal Herrira joango da. Euskal herritarra den plantak ere egingo ditu bertan.