Zinema
Zinemaldia
Frankenstein, FANT Bilboko zinemaldiko XX. edizioko irudia
Erredakzioa
Koldo Serrak egin du beldurrezko zinemaldiaren kartelerako irudia. Martxoaren 15ean amaituko da FANTen XX. edizioan parte hartu nahi duten filmak aurkezteko epea.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak FANT Beldurrezko Zinemaldiaren XX. edizioko kartela aurkeztu du. Maiatzaren 9tik 16ra bitartean ospatuko den jaialdirako irudiaren egilea Koldo Serra bilbotarra izan da, eta beldurraren irudi unibertsaletako bat berreskuratu nahi izan du, James Whale zuzendariak irudikatu eta Boris Karloff aktoreak gorpuztutako Frankenstein. Generoari "keinu berezia" egin nahi izan dio, "unibertsalki beldurgarria" izan dena aldarrikatuz eta FANT jaialdiaren jatorriarekin lotura eginez.
Horrela, Mary Shelley idazlearen eleberrian oinarrituz 1930eko hamarkadan sortutako izakia izango da "FANTen zaindaria", jaialdiaren lehen urteetan ohikoak ziren zinemako kartelen itxuraren estiloa berreskuratu duen karteletik. "Berehala, alde egitera bultzatzen gaituen begirada du, baina, agian, zinemara gidatu nahi gaitu soilik", azaldu dute.
Berritasuna
FANT zinemaldiaren edizio honetako beste berritasun bat LittleSecretFilm zikloa da. Bertan, Jordi Costa, Pablo Maqueda, Venga Monjas, David Sainz, Alex Mendibil, Noel Ceballos, John Tones eta Borja Crespo zuzendariek baldintza berezietan egindako lanak proiektatuko dituzte.
Mugimendu berri honek jarraibide hauek zehazten ditu: pelikulak soilik 24 ordutan filmatzea, produkzio osoa isilpean egitea eta inolako promozio kanpainarik gabeko doako estreinaldia izatea.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute martxoaren 15ean amaituko dela FANTen XX. edizioan parte hartu nahi duten filmak aurkezteko epea, eta Nontzefilmak lehiaketan parte hartu nahi dutenek, aldiz, martxoaren 28ra arte dutela epea. Azken hau animaziozko film laburren lehiaketa da, gai eta formatu librean, Nontzeberri.com atariak antolatzen du eta Zinebi Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren babesa du.