Itxi

Zinema

Sariak

Goya sarien ekitaldia lekuz aldatu dute

Eva Hachek aurkeztuko du ekitaldia, eta hautagaiak urtarrilaren 8an emango dituzte ezagutzera.

  • Eva Hache, iazko Goya sarietan. Argazkia: EFE

    Eva Hache, iazko Goya sarietan. Argazkia: EFE

Eva Hache umoristak aurkeztuko du 27. Goya sarien gala, Espainiako Zinema Akademiak jakinarazi duenez. Otsailaren 17an emango dituzte Felipe Printzea eraikinean, Madrilgo Auditorium hotelean.

Buenafuentek urte bitan aurkeztu zuen, eta Eva Hachek egin zuen azken edizioan. Aurretik, Jose Corbachok, Antonio Resinesek eta Carmen Machik egin zuten aurkezle lana. Umoristak ekitaldiaren aurkezpen ekitaldian jakinarazi duenez, iazkoa “dotorea” izan zen, baina aurtengoa “dibertigarriagoa” izango da. “Orduan politikoki zuzena izan nintzen. Herrialde honetan gauzak asko aldatu dira, biztanleei zein zinemaren munduari dagokienez, eta, noski, horri buruz hitz egingo dugu”, esan du.

Edizio hau beste toki batean egin beharko dute, Juan Carlos I.a jauregia behin-behinekoz itxi egin baitute. Bertan egin dituzte azken gala guztiak, 25.a izan ezik. Enrique Gonzalez Macho Espainiako Zinema Akademiako presidentearen esanetan, kontu horrek ez du Akademiarekin zerikusirik, eta horregatik egingo dute ekitaldia otsailaren 17an eta ez 10ean, aurretik iragarrita zegoen bezala. Halere, toki horretan jende gehiago sartzen dela esan dute: 2.240 ikus-entzule har ditzake, guztira.

Gonzalez-Machoren arabera, 120 pelikula aurkeztu dituzte, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean estreinatutakoak guztiak, eta urtarrilaren 8an emango dute jakitera zeintzuk hautatu dituzten. Lan horien “maila ikusgarria” goraipatu du, eta sariak emateko ekitaldia ahalik eta “dibertigarriena eta arinena” izatea espero du. “Zinemak ez dio gizarteari bizkarra ematen”, horren parte baita, eta “erantzukizunak” eskatuko dituzte. Iaz baino aurrekontu txikiagoa dute ekitaldia egiteko, baina ez omen da nabarituko. Ohorezko Goya saria Concha Velascori emango diote aurten.