Itxi

Oscarrak 2024

Sariak

Samuel L. Jackson, Elaine May eta Liv Ullmannek ohorezko Oscarra jasoko dute

N. V. | EITB Media

Gainera, Danny Glover aktoreak Jean Hersholt saria jasoko du, komunitatearekin gizalegez jokatzeagatik. Sariak urtarrilaren 15ean emango dizkiete, ekitaldi soil batean.

  • Samuel L. Jackson, "The hateful eight" filmean

    Samuel L. Jackson, "The hateful eight" filmean

Samuel L. Jackson eta Liv Ullman aktoreek eta Elaine May gidoilari eta zuzendariak ohorezko Oscar saria jasoko dute, Hollywoodeko Akademiak bart, ostegunarekin, ohar batean zehaztu duenez. Idatzi horretan, gainera, Danny Glover aktoreak Jean Hersholt sari humanitarioa jasoko duela ere iragarri dute.

Ohorezko Oscarrak eta Jean Hersholt saria urtarrilaren 15ean emango dizkiete, Los Angelesen, Oscarren zeremonia baino ekitaldi soilagoan, zuzeneko telebista emankizunik gabe eta gonbidatu gutxi batzuk aurrean direla.

"Pulp fiction" filmean (1994) egindako lanagatik Oscarrera izendatuta, Jackson Hollywoodeko aktore ezagun eta lanpetuena izan da azken hamarkadetan, eta horren erakusgarri dira "Jurassic Park" (1993), "Jackie Brown" (1997), "Unbreakable" (2000), "Django unchained" (2012) eta "Star Wars"en bigarren trilogia.

May, bestalde, bi aldiz izendatu dute Oscar sarietan, gidoi egokitu onenaren atalean, "Heaven can wait" (1978) eta "Primary Colors" (1998) filmetan egindako lanagatik.  

Ullmann ere bi aldiz izendatu dute Oscarretarako, emakumezko aktore onenaren atalean, eta Ingmar Bergmanen filmetan egindako lanek ekarri diote ospe handiena bere ibilbidean: "Persona" (1966), "Ansikte mot ansikte" (1976).

Azkenik, Gloverrek denetariko filmak egin ditu, nola "The Color Purple"ren gisakoak hala akzio eta komedia uztartzen dituen "Lethal weapon" sagakoak, eta pantailatik kanpo gizartearekin izan duen ardura azpimarratu dute.