Itxi

Oscarrak 2024

91. edizioa

'Green Book'ek irabazi du film onenaren Oscar saria

eitb.eus

'Green Book' Peter Farrellyren film goxoak ezustea eman du, eta Alfonso Cuarón mexikarrak zuzendari onenaren saria eskuratu du, 'Roma' filmagatik. 'Bohemian Rhapsody'k irabazi ditu sari gehien, lau.

1:15
'Green Book'ek irabazi du 2019 film onenaren Oscar saria

“Green Book” filmak eraman du sari nagusia bart Los Angelesen, Oscar sarien 91. edizioan, estatuatxo gehien (lau) “Bohemian Rhapsody” Freddie Mercuryren bizitzari buruzko filmak bildu dituen gala lau samar batean: gizonezko aktore onenarena (Rami Malek), editatze onena, soinu edizio onena eta soinu nahasketa onena.

Zuzendari onenaren saria mexikar zuzendari batek eraman du berriz, 2014tik bosgarrenez, Alfonso Cuaronek irabazi baitu “Roma” filmean kameraren atzean eginiko lanagatik (aurretik, Cuaronek berak irabazi zuen bat “Gravity”gatik, Alejandro Gonzalez Iñarrituk bi eta Guillermo del Torok iazkoa). Emakumeei eta ahaztuei eginiko omenaldi eder horrek ez du film onenaren Oscar saria altxatzerik izan, baina bai atzerriko film onenarena, zuzendari onenarena eta argazkilaritza onenarena (Cuaronentzat berarentzat).



Gaueko sari nagusia, alabaina, “Green Book” Peter Farrellyren pelikularentzat izan da, AEBko arrazismoa modu amultsuagoan jorratzen duen lan batentzat. Jatorrizko gidoiaren eta bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Mahershala Ali) sariak ere irabazi dituen filmak Tony Lipen (Viggo Mortensen) istorioa kontatzen du: Bronxeko italiar-amerikar zakarrak Don Shirley pianista beltz birtuosoaren gidari lanak egingo ditu, 1960ko hamarkadan, AEBko hegoaldean egingo duen kontzertu sorta batean.

Peter Farrelly zuzendariak agertoki gainean esan duenez, filmaren ardatza besteekiko maitasuna da, “ezberdintasunak gorabehera”.

Interpretazioei dagokienez, Olivia Colmanek gaueko ezusteko handienetako bat eman du, Glenn Close faboritoari nagusitu baitzaio emakumezko aktore onenaren sailean, “The favourite” filmean Anna Ingalaterrakoaren larruan eginiko lanagatik. Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria Regina Kingek eraman du, “If Beale Street Could Talk” pelikulagatik.

Azken hogeita hamar urteetan aurkezle nagusirik gabe egin duten lehen galan, “Black Panther”ek, film onenaren sailean inoiz izendatutako superheroien lehen filmak, uzta azpimarragarria jaso du. Ez du sari nagusia eraman, baina zazpi izendapen zituen eta hiru sari eraman ditu: jantzi onenena, ekoizpen diseinu onenarena eta soinu banda onenarena, Ludwig Göranssonen lanari esker.

Bestalde, Brian Hayes Curriek, Peter Farrellyk eta Nick Vallelongak, esan bezala, jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi dute “Green Book” irabazleagatik, eta Spike Leek egokitutako istorio onenarena, “BlacKkKlansman” Ron Stallworthen liburua pantailara eramateagatik. “Hauteskundeak bertan daude. Gorrotoaren eta maitasunaren artean, egin dezagun egokienaren alde”, esan du Leek eskerrak emateko hitzaldian.

Abesti onenaren saria “Shallow”rentzat izan da, “A star is born” Lady Gaga eta Bradley Cooper protagonista eta azken hori zuzendari ere dituen remake-aren kantuarentzat. “Kontua ez da irabaztea, ez etsitzea da gakoa. Amets bat baduzu, borrokatu horren alde. Zerbaitekin pasioa baduzu, berdin dio zenbat aldiz esaten dizuten ezetz edo zenbatetan jausten zaren, kontua da zenbat aldiz altxatzen zaren atzera”, esan du Gagak hunkituta.

Hain zuzen ere, horixe izan da galako une gorenetakoa, Cooperrek eta Gagak kantu irabazlea interpretatu dutenekoa, baita Spike Lee, Oscarra irabazteagatik pozez zoratuta, Samuel L. Jacksonen gainean igo denekoa ere. Hunkigarria izan da, halaber, Guillermo del Torok eta Alfonso Cuaronek agertoki gainean elkarri eman dioten besarkada, iazko zuzendari irabazleak Cuaroni bere laugarren Oscarra eman dionean. Mexikar zuzendariek Hollywoodeko zineman hartu duten itzalaren ikurra izan da, noiz eta politikari errepublikanoen ahotik mexikarrak beheratzeko saiakerak ugaritu direnean.

Cuaronen hitzetan, pelikulek “beste batzuek begiratzen ez duten tokietara” begiratu behar dute, “batik bat garai hauetan”.