Itxi

Oscarrak 2024

Gala

'Birdman'ek goia jo du Oscar sarietan

N.V. / D.P. | eitb.eus

Alejandro Gonzalez Iñarrituren lanak lau golardo eskuratu ditu, tartean film eta zuzendari onenenak. Julianne Moore eta Eddie Redmayne, aktore onenak.

07:59

Birdman eta The Grand Budapest Hotel filmek launa golardo irabazi dituzte aurtengo Oscar sarietan; dena dela, lehenengoak egin du distira gehien, pelikula eta zuzendari onenenak eskuratu baititu. Beste biak jatorrizko gidoi eta argazki onenarenak izan dira.

Julianne Moore (Still Alice) eta Eddie Redmayne (The Theory of Everything) izan dira emakumezko eta gizonezko aktore onenak, eta Patricia Arquette (Boyhood) eta J.K. Simmons (Whiplash) antzeztaldeko aktore onenak.

Iñarrituren lanak, Birdman-ek, gainbeheran dagoen aktore bat du abiapuntu. Filmaren protagonista (Michael Keaton) super-heroi paperetan egin zen ospetsu, eta antzerkian aintzatespen bila, Raymond Carver idazlearen lan bat taularatzen saiatuko da. Ospearen munduari egindako begirada kritikoa eta lirikoa da, teknika berezi batekin grabatua: film osoa plano sekuentzia bakar bat izango balitz bezala eginda dago. Gainera, aktoreek (Keaton bera, Edward Norton, Emma Stone eta Naomi Watts) lan bikaina egin dute.

The Grand Budapest Hotel Wes Anderson zinemagilearen lan magiko eta pertsonalistari ere lau golardo eman dizkiote, baina teknikoak denak: jantzi, makillaje, soinu banda eta ekoizpen onenak.

Aldarrikapenak

Neil Patrick Harris aktoreak zuzendutako gala oso gorabeheratsua eta monotonoa izan da, baina hainbat aldarrikapen entzun dira bertan. Hori horrela, Alejandro Gonzalez Iñarrituk immigranteen alde egin du; Patricia Arquettek, emakumeen eskubideen alde, eta Shelma filmaren taldeak, eskubide zibilen alde.

"Erditu diren eta zergak ordaintzen dituzten emakume guztiei eskaini nahi diet saria; gizonezkoen soldata eta eskubide berdinak izateko garaia heldu da", adierazi du Arquettek, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria jasotzean. Ikusleek asko txalotu dute horren hitzaldia, bereziki Meryl Streepek, eserlekutik altxatuta.

Iñarrituk mexikarrei jarri nahi izan die ahotsa: "Otoitz egiten dut Mexikon merezi dugun Gobernua izan dezagun eta herrialde honetan (AEB) daudenei immigrante-nazio paregabe hau eraiki zutenei bezain tratu ona eman diezaieten".

Gaueko une hunkigarrienetako batek Shelma filmaren taldea izan du protagonista. John Legend eta Common abeslariek jatorrizko abesti onenaren saria jaso dute, eta, hori baino lehen, "Glory" kanta interpretatu dute. Horren ostean, duela 50 urte giza eskubideen alde Selmatik Montgomeryra manifestazioa egin zutenen borroka omendu dute, eta gaur egun ere askatasunaren eta justiziaren alde egiteko deia egin dute. Martin Luther Kingen borroka du hizpide Shelma pelikulak.

'Ida', 'Citizenfour' eta 'Big Hero 6'

Bestalde, ingelesez egina ez den film onenaren saria Ida-k (Polonia) irabazi du. Film dokumental onena Edward Snowdenen borroka azaltzen duen Citizenfour lana izan da, eta animaziozko film luze onena, aldiz, Disneyren Big Hero 6.

ig Hero 6.