Itxi

Oscarrak 2024

Inkesta

Daniel Day-Lewis, Oscarretarako apustu ziurra

Erredakzioa

'Lincoln' Steven Spielbergen filmean egindako lanari esker hirugarren estatuatxoa irabazten badu, Hollywoodeko historian Oscar gehien jaso dituen gizonezko aktorea bihurtuko da.

  • Daniel Day-Lewis aktore, Bafta sarien alfonbra gorrian. Argazkia: EFE

    Daniel Day-Lewis aktore, Bafta sarien alfonbra gorrian. Argazkia: EFE

Ziur asko Daniel Day-Lewisek irabaziko du Gizonezko Aktore Onenaren Oscarra, otsailaren 24an egingo duten Oscarren galan. Bigarren Gizonezko Aktore Onenaren sariarekin, berriz, zalantza gehiago dituzte inkesta batean parte hartu duten estatubatuarrek.

Lincoln Steven Spielbergen filmean egindako lanari esker hirugarren estatuatxoa irabazten badu, Hollywoodeko historian Oscar gehien jaso dituen gizonezko aktorea bihurtuko da. Day-Lewis (45 urte) aurtengo sari nagusietan garaile izan da; Bafta eta Aktoreen Sindikatuaren sarietan, besteak beste.

Kritikariek eta Akademiako kideek argi dute, eta ikusleek ere bai, Reuters Ipsos agentziak egin duen inkesta batek erakutsi duenez. Ekimenean, 909 estatubatuarrek parte hartu dute. % 21ek Day-Lewisek irabazi beharko lukeela esan dute, eta horrek irabaziko duela uste dute galdetutakoen % 26k.

Sail horretako beste hautagaiak hauek dira: Hugh Jackman (Miserableak), Bradley Cooper (Gauzen alde ona), Joaquin Phoenix (Maisua) eta Denzel Washington (Hegaldia).

Day-Lewisek irabaziko balu, aktorearen hirugarren Oscarra izango litzateke. Lehenengoa 1990ean jaso zuen, My left food pelikulari esker, eta bigarrena 2008an, There Will Be Blood filmari esker.

Daniel Day-Lewis gizon bitxia da eta azken 20 urteetan 10 pelikula besterik ez du egin. Spielbergek hiru aldiz eskaini zion Lincoln filmeko papera, aktoreak baietz esan zuen arte. "Akademiako kideek oso gustuko dituzte ustekabeak, eta, hortaz, edozer gerta daiteke", esan zuen Day-Lewisek Aktoreen Sindikatuen Sarietan, Los Angelesen.

Hala ere, apustu-etxeek ez dute zalantzarik, eta Day-Lewisek irabaziko duela uste dute.

Lee-Jones edo De Niro?

Ikusleek zalantza gehiago dituzte Bigarren Gizonezko Aktore Onenaren golardoa irabaziko duen artista aukeratzeko.

Sari horretarako hautagaiak hauek dira: Alan Arkin (Argo), Robert de Niro (Gauzen alde ona), Philip Seymour Hoffman (Maisua), Tommy Lee Jones (Lincoln) eta Cristoph Waltz (Django katerik gabe).

Azken asteetan banatu dituzten sariek iragarpenen bat egin dute. Aktoreen Sindikatuak Lee-Jones saritu zuen, Urrezko Globoetan Waltzek irabazi zuen eta Seymour Hoffman izan zen Kritikarien Sarietan garailea.

Inkestan parte hartu dutenek ere ez dute oso argi. % 20k Waltz aukeratu dute eta % 14k, De Niro.

Apustu-etxeen ustez, berriz, Lee Jonesek (66 urte) bere bigarren Oscarra eskuratuko du. 1994an, Bigarren Gizonezko Aktore Onenaren Oscarra irabazi zuen, The Fugitive filmari esker.