Oscarrak 2024
Musika
Norah Jonesek ere Oscarretan abestuko du
Erredakzioa
Abeslari, konposatzaile eta piano jotzaile estatubatuarrak Abesti Onenaren Oscarraren hautagaitza lortu du 'Ted' pelikulako "Everybody Needs a Best Friend" abestiarekin.
-
Norah Jonesek Oscarretako zeremonian abestuko du.
Norah Jonesek ere otsailaren 24ko Oscarren galan abestuko du, Akademiak iragarri duenaren arabera.
Abeslari, konposatzaile eta piano jotzaile estatubatuarrak Abesti Onenaren Oscarraren hautagaitza lortu du Ted pelikulako "Everybody Needs a Best Friend" abestiarekin. Kantua Walter Murphyk eta Seth MacFarlanek konposatu dute.
Jonesek zeremonian parte hartuko duen lehen aldia izango da. "Zoragarria izan zen abesti hori Sethekin grabatzea eta zoriontsu egin ninduen Oscarretarako hautagaitzak. Nire lagunak aurkeztuko duen horrelako ekitaldi handi batean abestea, bizitzan behin izaten den aukera da", azaldu du artistak.
"Norah Jonese emanaldiarekin oso pozik gaude. Norahren jarraitzaileak", adierazi dute Craig Zadan eta Neil Mero galako ekoizleek.
Horrela, Oscarretako galan Adele eta Norah Jones izango ditugu agertokian abesten. Lehenengoak James Bonden azken pelikulako abestia den eta hautagaia ere den "Skyfall" eskainiko du. Aurtengo ekitaldian gainera, 007 agenteari omenaldi berezia egingo diote; izan ere, James Bondek 50 urte bete zituen, 2012an.
Abesti Onenaren Oscar sarira hautagaiak dira Scarlett Johanssonek eta Joshua Bellek abesten duten J. Ralphen Izotz ehizan dokumentaleko "Before my time" abestia; Piren bizitza filmerako Bombay Jayashri musikariak egindako "Pi's Lullaby" kantua; Hugh Jackmanek abesten duen Miserableak musikalerako sortu duten "Suddenly" abesti berria.