kultura
Nazioartekotzea
Etxepare Institutuak lurralde frankofonoetan bilatuko du proiekzioa
N. V. | EITB Media
Etxepare Euskal Institutuak 'Ça colle au basque' lau urterako programa aurkeztu du gaur, Getarian, euskararen eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzeko.
-
Erakundeetako eta programan parte hartuko duten elkarteen ordezkariak, Getarian
'Ça colle au basque' ("euskalduntasuna itsasten zait, ezin dut burutik kendu") lau urterako programa aurkeztu du gaur, Getarian, Etxepare Euskal Institutuak, euskal kulturaren itzala lurralde frankofonoetan, bost kontinentetan ezarritako 321 milioi hiztuneko eremuan, indartzeko.
Proiektua gaur goizean aurkeztu dute Getarian, Zarautz jauregian. Irene Larraza Etxepare Institutuaren zuzendariaren hitzetan, "guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz" jardungo dute lau urtez, "historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok dugun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin hausnartzeko ere".
'Ça colle au basque' ekimena lau ardatzen bidez garatuko da. Lehenik eta behin, Etxeparek frankofoniaren eremuan —Quebecen, Frantzian eta Bruselan, esaterako— dagoeneko bultzatzen dituen dinamika eta proiektuak indartuko ditu; bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko, baita haien argitalpen-sisteman presentzia izan dezaten bultzatzeko ere.
Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartuko da, eta, azkenik, Etxepare Euskal Institutuak lantzen duen esparru akademikoa indartuko da "erreferentziazko unibertsitateetan" euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko