kultura
Euskarazko azoken sarea
Oiartzungo Hitzen Lihoa Doinueleri batu zaio
N. V. | EITB Media
(H)ilbeltza, Geure Gelatik, Sormene, Literaturia, Ziburuko Azoka, (H)azoka, Ikusi Mikusi, Hitzen Lihoa eta Lazkaoko Azoka biltzen ditu Doinuele euskarazko azoka eta ekimenen sareak.
-
Doinueleko hainbat ordezkari, gaurko agerraldian. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA.
Doinuele euskarazko azoka eta kultura ekimenen sareak urteko egitaraua aurkeztu du gaur, Ziburun, eta orain arteko zortzi ekimenei bederatzigarrena, Oiartzungo Hitzen Lihoa, gehitu diela iragarri du.
Hauek dira Doinuele sareko 2025eko hitzorduak:
Urtarrilean, (H)ilbeltza. 20tik 26ra Baztanen nobela beltza eta gai horri buruzko hainbat ekimen berezi.
Martxoan, Geure Gelatik. Azkoitian 27tik 29rako asteburuan emakumeek idatzitako liburuen azoka eta ekimenak.
Apirilean, Sormene ekimenak Galdakaon.
Maiatzean, Literaturia. Zarautzen 23tik 25erako asteburuan kultur sorkuntzek hartuko dituzte kaleak eta azoka.
Ekainean, Ziburuko azoka. 7an, lehen larunbatean, euskara hutsezko liburu eta diskoek beteko dute herriko plaza eta liburu aurkezpenak, kontzertua zein gainerako ekimenak gozatzeko aukera egongo da.
Irailean, (H)azoka. Hernanin 27an, larunbatarekin, euskara hutsezko liburu eta diskoen azoka aterpetuko du Atxegindegi plazak eta liburu aurkezpenak, kontzertuak eta hainbat ekimen izango dira aukeran.
Urrian, Ikusi Mikusi. Saran haur eta gazte literaturan murgiltzeko aukera 11n eta 12an, eta haur zein gazteei zuzendutako hainbat emanaldi ere bai.
Azaroan, Hitzen Lihoa. Oiartzunen 12tik 16ra liburu azoka eta gai bat ardatz hartuta horren bueltako kultur ekimen bereziak.
Abenduan, Lazkaoko Azoka. 12tik 14ra Olentzeroren zakua euskarazko liburu zein diskoz betetzeko aukera eta hainbat kultur ekitaldi.