kultura
KONTZERTUA
Donostiako Ilunben amaituko du Zetakek 'Mitoaroa' ikuskizuna irailaren 6an
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Urtarrilaren 3an eta 4an Iruñean 30.000 lagun bildu eta gero, Euskal Herriko inauterietako pertsonaia guztiak elkartuz, azken topaketa iragarri du Pello Reparazek oholtzan. Astearte honetan, 10:00etan, jarriko dira sarrerak salgai. 275.000 lagunek jarraitu zuten larunbateko kontzertua ETB2n.
-
Pello Reparaz oholtzan, ikuskizunaren une batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Ikuskizun eszeniko izugarria eman du Pello Reparazek azken bi egunetan Iruñean. "Mitoaroa" ez zela kontzertu soila izango iragarri zuen, eta hala izan da. 30.000 lagunek gozatu dute urtarrilaren 3an eta 4an Iruñeko Nafarroa Arenan tradizioa eta modernitatea uztartu dituen musika eskaintza berritzaileaz, 15.000 lehen hitzorduan eta beste 15.000 bigarrenean. Amaieran, ezustekoa eman eta azken kontzertu bat iragarri zuen, irailaren 6rako, Donostian.
ETB2n (Reparazek berak hala eskatuta) eta EITB Nahieran atarian ere gozatu ahal izan zen bigarren kontzertua, zuzenean, eta oso emaitza onak lortu zituen ikuskizunak: izan ere, emanaldiak 275.000 ikusle izan zituen. Euskaldunen artean % 56koa izan zen jarraipena, eta bereziki arrakastatsua izan zen Nafarroan.
Zetaken AAZTIYEN diskoa aurkezteaz gain, azken bost urteotako abestirik ezagunenak errepasatu zituen Arbizuko artistak, baita aurretik Vendetta taldearekin ezagun egin zituen pare bat ere.
Klara Mendizabal sopranoa eszenatokian zela hasi zen ikuskizuna. Reparaz harengana hurbildu eta gortina atzera igaro ondoren, ikusleak zur eta lur utzi zituen urez betetako kristalezko ontzi baten barrutik kantatzen agertu zenean. Handik atera eta ia airean, bigarren maila batean zegoen beste agertoki batera igo zen, "Mitoaroa" abiatzeko. Euskal mitologia zein Nafarroako inauterietako pertsonaien presentzia eta erakustaldia musikarekin uztartuz, energia berezia sortu zen Nafarroa Arenan, eta energia hori areagotzen joan zen, gainera, kontzertuak aurrera egin ahala.
Reparazek, Leire Colmok, Iban Larreburuk eta Gorka Pastorrek osatutako taldeak ikus-entzunezko ikuskizun borobila ondu zuen oholtza gainean: ezusteko desagertze eta agertzeak, elementu eszeniko deigarriak, mitoen bueltako kontakizuna, artista gonbidatuak... eta une gogoangarri bezain hunkigarria: 'Itzulera', 2022ko Herri Urratserako Erramun Martikorenarekin elkarlanean sortutako abestia, biek elkarrekin abestu zutenekoa eta, ondoren, Martikorenak Xalbadorren Heriotza abestean Nafarroa Arena zutik jarri zuenekoa.
Euskararen aldeko aldarria ozen entzun zen Iruñeko pabiloian. Reparazen hitzartzeetan zein ezustean, aurpegia estalita oholtzara igo eta maskara kendu ostean, Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaile ohiak, txalo zaparrada artean, bertsoa abestu zuenean, "Nafarroak euskara eta euskarak Nafarroa" behar duela aldarrikatu zuenean.
Musika elektronikoa eta dantzagarria joaldunen zintzarriekin magikoki uztartu zituen Reparazek, eta azken iragarpen bat ere egin zuen: Nafarroakoak soilik ez, Euskal Herri osoko inauterietako pertsonaiak dantzan jarriko dituztela azken ikuskizun batean, 2025eko irailaren 6an, Donostiako Ilunben.
"Mitoaroa" birako azken kontzerturako sarrerak urtarrilaren 7an, asteartean, jarriko dira salgai, 10:00etan, mitosarrerak.eus webgunean. Kontzertuan izan zirenek QR kode bat jaso zuten eta 08:00etatik izango dute aukera.
Hemen ikusgai, osorik, "Mitoaroa":