Itxi

kultura

Literatura

Bernardo Atxagak Arte Ederren Merezimenduaren Urrezko Domina jaso du

EITB MEDIA

Idazle gipuzkoarrak euskaraz argitaratu du bere lan osoa, eta 2019an Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zuen.

  • Bernardo Atxaga, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA

    Bernardo Atxaga, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA

Espainiako Gobernuak Arte Ederretako 38 domina banatu ditu gaur eta, besteak beste, Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) idazleak jaso du bat. Ministroen Kontseiluan egin dituzte izendapenak eta, besteak beste, Elisabet Katolikoaren gurutze handia Marisa Paredesi (1946-2024) eman diote.

Idazle gipuzkoarrak denetarik landu du, hala nola eleberria, poesia, ipuina, antzerkia eta saiakera, eta euskaraz idatzi eta argitaratu ditu egindako obra guztiak. Bere bibliografian honako hauek nabarmentzen dira: Obabakoak (1989), Narratibako Sari Nazionala eta Euskadi Saria; Soinujolearen semea (2004), Zazpi etxe Frantzian (2009), Nevadako egunak (2013), Txoriak kolpeka (2014) eta Etxeak eta hilobiak (2019). 2019an, Kultura Ministerioak Espainiako Letren Sari Nazionala eman zion, "euskara eta gaztelania modernizatzeko eta nazioartean proiektatzeko funtsezko ekarpena" egiteagatik.

Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominek literaturako hainbat pertsona nabarmendu dituzte aurtengo edizioan. Euskal poeta eta idazleaz gain, Elvira Lindo idazle eta kazetaria; Antònia Vicens, Eva Baltasar eta Angelina Muñiz-Huberman poeta eta idazleak; Manga Barcelona aretoa; eta "Camacuc" haurrentzako aldizkaria saritu dituzte.

Arte ederren eta kultur ondarearen arloan, Sandra Gamarra diziplinarteko artista; Cristina de Middel argazkilari eta artista plastikoa; Angel Luis de Sousa Seibane kultur ondarean aditua den arkitektoa; Cabello/Carceller talde artistikoa eta Segundo Castro Olmo Estampa Popular kolektiboko kidea nabarmendu dituzte. Gainera, Eva Hache komiko eta aurkezleak, Juana Martin moda diseinatzaileak, Encarna Lago Gonzalez kultur kudeatzaileak, Alfons Martinell Sempere eta Jesus Prieto de Pedro kultur eskubideetan adituek, Llámalo H kolektiboak eta Voces para la Conciencia y el Desarrollo fundazioak jaso dute saria.

Musikaren arloan, Jose Merce flamenko kantaria, Robe Iniesta abeslari eta konpositorea, Camela musika taldea, Los Planetas musika taldea, Kase.O abeslari eta konpositorea, Carlos Chausson Gracia opera-abeslaria, eta Jose Emilio Navarro Viña Berry musika-ordezkaria saritu dituzte.

Zineman eta antzerkian, berriz, honako hauek saritu dituzte: Maribel Verdu, Aitana Sanchez-Gijon eta Carmen Machi aktoreak, Eduard Fernandez aktorea, Josep Maria Pou aktore eta antzerki-zuzendaria, Chelo Loureiro Vilarelle zinema-zuzendari eta -ekoizlea, Pere Portabella zinema-zuzendari, gidoilari eta -ekoizlea, Laura Pedro Albiol ikusizko efektuen gainbegiralea, Ana Valles antzerkigilea, eszena-zuzendaria, dantzaria, aktorea eta poeta bisuala eta Luis Guillermo Heras Toledo zuzendari, antzerkigile eta kultura-kudeatzailea, hil ondoren. Arte eszenikoen arloan Monica Rodriguez Runde dantzari eta koreografoa eta Rogelio Rivel Zirkuko Arteen Zentroa ere saritu dituzte.

Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominak sorkuntza artistiko eta kulturalaren arloan nabarmendu diren edo artea eta kultura sustatzeko, garatzeko edo zabaltzeko eta ondare artistikoa kontserbatzeko zerbitzu nabarmenak egin dituzten pertsonak eta erakundeak nabarmentzen ditu.