Itxi

kultura

Elkarrizketa

Ander Lipus: "'Miñan' antzerkira ekartzeak espazio oso aberatsa zabaltzen du"

Natxo Velez | EITB Media

Artedrama konpainiak ostiralean estreinatuko du, Bilboko Arriaga antzokian, "Miñan" liburuaren antzerkirako egokitzapena.

  • Ander Lipus, "Miñan"en zuzendari eta aktorea. Argazkia: Ainhoa Resano.

    Ander Lipus, "Miñan"en zuzendari eta aktorea. Argazkia: Ainhoa Resano.

Miñan liburuan, Amets Arzallusek paperera bildu zuen Ibrahima Balderen narrazio baliotsua; orain, Artedrama antzerki konpainiak oholtzara eraman du Baldek Ginea Konakritik geurera egindako bidaia nekosoaren kronika beldurgarri eta hunkigarria. Azken urteetako euskal liburu irakurrienaren kontagaia gorpuztu egingo dute Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreek, Lipusek berak zuzenduta, emanaldi bira luzean, ostiral honetan Bilbon (Arriaga Antzokia, 19:30) hasita.

Lipusekin hitz egin dugu, Miñanek liburutik antzezlanerako egin duen bide horretaz, liburuak sortu zion zirraraz, Timberlake Wertenbaker euskal jatorriko ingeles dramaturgoak izan zuen zereginaz eta ikusleok agertoki gainean ikusiko eta menturaz geurekin eramango dugunaz.

Jantzi berri honek istorio beharrezko honi nola ematen dion izan dugu hizpide Lipusekin.

'Miñan'. Argazkia: Ainhoa Resano.

'Miñan'. Argazkia: Ainhoa Resano.

Noiz eta zergatik sortu zen lan hau oholtzaratzeko gogoa? Zer txinpartek piztu zuen egitasmoa liburua irakurritakoan, eta zer bide egin du proiektuak paperetik taularaino?

Nik pandemia garaian irakurri nuen liburua, eta zirraragarria iruditu zitzaidan, baina sekula ez nuen pentsatu taula gainera eramatea.

Hala ere, gero bizitzak Timberlake Wertenbaker dramaturgoa ezagutzera eraman ninduen. Ametsek oso ondo ezagutzen du Timberlake, eta berak egin zuen Miñanen ingelesezko bertsioa, A little brother.

Halako batean, esan zidan Londresen Miñan antzerkira eramateko gogoa zuela, eta niri pena iruditu zitzaidan euskaraz sortutako lan bat euskaraz ez ikustea antzerkian. Denbora pasa zen, Miñan Londresen emateko ideiari buruz galdetu nion, eta esan zidan ideia geldirik zegoela.

Orduan, esan nion momentu egokia izan zitekeela elkarrekin lan egiteko, eta Miñan antzerkira eramateko euskaraz. Aktoreak ikuskatzen hasi nintzen, zer aktore euskaldun eta beltzak egon zitezkeen, eta, behin aktoreak edukita, Ametsengana jo genuen.

Ametsek proposamen asko izan ditu antzezlana egiteko, Madrildik ere bai, eta hasieran ez zuen ikusten; Ibrahimaren istorioa benetakoa da, eta Ibrahima babestu nahi zuen Miñanek eduki duen arrakastatik. Kosta egin zitzaion baietza ematea, baina eman egin zigun, eta orduan hasi ginen Artedramako lantaldea martxan jartzen.

IRAKURRI AMETS ARZALLUSI LIBURUARI BURUZ EGINKO ELKARRIZKETA

Amets Arzallus: 'Ibrahimaren kontaerak sinpletasunaren magia dauka'

Istorio ezaguna da Miñan, azken urteotan gehien saldu den euskarazko liburua da. Jatorrizko lanetik zenbat urruntzeko baimena eman diozue zeuen buruari eta zertan uste duzue lotu behar zintzaizkiola orpoz orpo jatorrizkoari?

Literatura eta antzerkia ezberdinak dira. Beraz, halako askatasun bat aitortu diogu geure buruari sortzeko orduan, baina, istorioa kontatzeko orduan, Amets gurekin lanean izan dugu, zorionez, eta oso fidelak izan gara liburuan kontatzen denarekin. Ez dugu ezer asmatu obrari on egiten ziolako.

Den moduan kontatu dugu Miñan.

Timberlake Wertenbaker euskal jatorriko dramaturgoa (Our Country's Good…) arduratu da testua egokitzeaz. Nolakoa izan da bere lana eta zer harreman izan duzue berarekin?

Tim hasiera-hasieratik izan dugu ondoan, egokitzapena egiten, eta, talde osoak bezala, lan handia egin du.

Azken unera arte ibili gara gidoiari bueltak ematen, lantzen, zer eta nola esan erabakitzen, eta Tim uneoro izan da hor. Ametsen laguntza ere izan dugu, gainera.

Zer erlazio izan duzue, antzezlanari dagokionez, Ibrahima Balde eta Amets Arzallus jatorrizko liburuarekin egileekin?

Esan bezala, Amets oso inplikatuta egon da hasieratik: gure entsegu guztiak jarraitu ahal izan ditu, eta beti entzun dut bere iritzia antzezlanari dagokionez.

Ibrahima Balde Madrilen bizi da gaur egun, tailer batean lanean ari da, eta ez dugu berarekin asko egoteko modurik izan, nahiz eta harremana badaukagun.

Madrilera joan ginen, Hondamendia antzezlanarekin, eta han ezagutu genuen lantaldeko asko eta Sambou Diaby Miñanen harena egiten duen aktoreak ere. Antzezlana ikusi zuen, eta gero elkarrekin joan ginen zerbait jatera. Oso harreman goxo eta polita dugu.

Sambou Diaby aktorea da Ibrahima 'Miñan'en. Argazkia: Ainhoa Resano.

Sambou Diaby aktorea da Ibrahima 'Miñan'en. Argazkia: Ainhoa Resano.

Liburuari estilo jakin eta identifikagarri bat dario: Amets Arzallusek letraz jaso zuen Ibrahima Balderen kontaera biluzi eta soil bezain indartsua. Iritsi da horrelakorik antzezlanera? Nola laguntzen zaio azaleratzen horrelako estilo bati antzerkiaren baliabideekin?

Nire ustez, Ametsek estilo oso soil, xume eta ederra landu du, eta antzerkia beste territorio bat da. Kontatzen den hori gorpuztu egiten da.

Guk geure estiloa markatu dugu, eta horren bila aritu gara sorkuntza prozesu guztian. Espero dugu publikoak estilo horrekin bat egitea eta gustuko izatea.

Zer ate irekitzen dizkio istorio bati, kasu honetan Miñani, liburutik antzerkirako formatu aldaketak eraginda eta, aldiz, zein bide itxi?

Ez dakit aterik ixten dion. Liburuak bakardadean irakurtzen dira, eta antzerkia jardun komunitarioa da.

Antzerki formatura ekartzeak espazio oso aberatsa zabaltzen du: ahotsa zuzenean entzuten da eta gorputzak hor daude benetan. Askatasun eta sorkuntza ariketa eder bat iruditzen zait. 

Zer aurkituko du ikusleak agertokian? Zer hautu eszenografiko egin dituzue bakarrizketa erakusteko? 

Agertokian, ikusleak bi plano ikusiko ditu. Alde batetik, Ibrahimak bere istorioa kontatuko dio publikoari, eta gero eszena modukoak egongo dira.

Lau aktorek jokatzen dugu Miñan: Sambou Diabyk, Eihara Irazustak, Mikel Kayek eta nik neuk. Hainbat pertsonaia gorpuzten ditugu, eta hitzera eramanda zegoena ekintzara eraman. Eszenografiak, jantziek eta horrek guztiak mundu ezberdinak irudikatzeko aukera eman digu.

Jose Pablo Arriagak egurrezko hainbat kutxa berezi egin ditu, eta uste dut asko aberasten dutela istorioa. Espazioak irudikatzen dituzte: kartzela, torturalekua, oilategia, Gineako etxea, basamortua, herria…

'Miñan'. Argazkia: Ainhoa Resano.

'Miñan'. Argazkia: Ainhoa Resano.

Zer eskatzen diozu emanaldi bakoitzari? Zer sentitu edo pentsatu behar duzu teloia jaitsitakoan aseta egoteko?

Urte eta erdian lan handia egin dugu, eta antzerkia hori da: egitea; ez ondo edo txarto egitea, baizik eta egin behar dena egitea.

Antzezlanetik ateratzen garenean, aktoreok hustasun eder bat sentitzen dugu. Gaur egun oso presente dagoen gaia da arrazakeriarena eta migrazioarena, eta uste dut publikoari zertxobait utziko diogula, gogoetatzeko eta emozionatzeko.

Gu emozionatuko gara, eta espero dut publikoa ere emozionatzea.

Bira luzea duzue aurretik. Zer opa diozu Miñani eta zer betebehar edo funtzio ezartzen diozu, halakorik egiten baduzu, antzezlan honi hemen eta orain?

Bira oso luzea dugu. Emanaldi asko ditugu, eta horietako asko eskoletako ikasleentzat izango dira. Artedramak txosten pedagogikoa sortu du, eta ikasle askorekin lanean ari gara, antzerkia ikusteaz gain, gazte eta nerabeek gogoeta egin dezaten Miñaneko istorioari buruz eta Afrikako bide latz hori hartzen duten pertsona horiei buruz.

Funtzioren bat betetzekotan, hori da: horri guztiari hitz egitea, pentsatzea, sentitzea eta kanpotik etortzen diren migratzaile horiekiko enpatia lortzea.