Itxi

kultura

Urriak 2-4

Jendarte eta lurralde kohesioaz jardungo dira Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan

N. V. | EITB Media

Ehunka lagun batuko dira urriaren 2tik 4ra Europa Biltzar Jauregian, Gasteizen, "Elkartzen gaituena" lelopean. Jarraitu, zuzenean, eitb.eus-en.

  • "Elkartzen gaituena" kongresua

    "Elkartzen gaituena" kongresua

"Euskal Herriko jendarte- eta lurralde-kohesioaren alde ezarri beharreko politika edota erabakien inguruko irizpideak batu eta proposamenak plazaratu": hori izango da Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuaren helburua, eta dozenaka aditu eta ehunka lagun bilduko dira horretarako, urriaren 2an, 3an eta 4an, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Jardunaldiok zuzenean ikusi ahalko dira, eitb.eus-en.

Kongresuaren etorkizunerako helburua "Herri Itun berri baterako baldintzak sortzea" litzateke. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak dioenez, "desberdinen arteko adostasunak bilatzen ditugu, jendartearen kohesioa bultzatzeko eta geroko erronkei modu fin, hausnartu eta landutako erantzunak emateko". 

Kongresuaren programa hiru ardatz nagusik egituratuta dago. Lehen jardunaldian, jendarte, ingurumen eta kultura balio handiena duen garapen sozio-ekonomikoaren ereduari buruz eta ongizatearen gizarteari buruz hausnartuko da. Ostegunean, hilaren 3an, berriz, gai sozialak jorratuko dira. Azkenik, itxiera jardunaldian lurraldetasunak hartuko du eztabaiden erdigunea.

Astezkenean, Kukai Dantza Taldeak kongresuko edukien inguruko hausnarketa sortzailea eskainiko du, eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat sortzailek parte hartuko dute emanaldian, besteak beste, La Furiak, Adriana Bilbaok, Arkaitz Minerrek, Edurne Azkaratek, Akira Yoshidak, Aitor Etxebarriak, Mixel Etxekoparrek, Odei Barrosok, Leire Vargasek, Xabier Solano Garmendiak, Janelak, Sua Enparantzak eta Zuberoako Berritza elkarteak.

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundien ekimenez. 1936ra arte, sei Kongresu antolatu zituen, bi Ipar Euskal Herrian, Francoren diktadura garaian, eta hamar 1978an erakundea zaharberritu zutenetik. Edizio guztietan, bina helburu izan ditu: alde batetik, ikerketa eta kultura sustatzea, eta, bestetik, euskal komunitateek aurrera egiteko une bakoitzean planteatzen dituzten erronken aurrean gizarteak dituen beharrak aztertzea.