Itxi

kultura

AGURRA

Gatibuk beste 'agur' kontzertu bat iragarri du BECen, 2025eko abenduaren 12an, 13rako sarrerak agortu ostean

EITB MEDIA

Azken kontzertuko sarrerak agortu egin dira, bi ordu eta erdi pasatxoan. Abenduaren 12an izango da bigarren kontzertua, eta 16:00etan jarriko dituzte sarrerak salgai, taldearen webgunean.

0:37
Gatibu

Gatibuk datorren urteko abenduaren 13an BECen emango duen azken kontzerturako sarrerak agortu egin dira, bi ordu eta erdi pasatxoan. 08:00etan ireki dute sarrerak erosteko lehiatila birtuala euren webgunean, eta 10:40 alderako amaituta zeuden guztiak. Hori horrela, taldeak beste 'agur' kontzertu bat iragarri du bezperan, abenduaren 12an, BECen bertan. Kontzertu horretarako sarrerak 16:00etan jarriko dituzte salgai, taldearen webgunean.

Gatibu taldeak mende laurdeneko bideari agur esango dio 2025ean, 25 urte beteko dituen urtean, alegia.

"2025ean 25 urte egingo ditu taldeak, eta erabaki dugu oso urte ona dela uzteko", iragarri zuten taldeko kideek, esklusiban, ETB1eko Biba Zuek saioan.

"Ez dugu eztabaidarik izan, zerbait naturala izan da. [...] Pena handia ematen du, baina aldi berean pozik eta gogotsu gaude falta denarekin", gaineratu zuten Alex Sarduik, Haimar Arejitak eta Gaizka Salazarrek.

ETB1en iragarpena egin eta minutu gutxira, taldeak prentsa oharra publikatu zuen sare sozialetan. "Txoko txiki bat izan zara, Gatibu, ezin izango zaittugu inoiz ahaztu. Baina heldu da ordua. Agur esan barik, BAGOIEZ", nabarmendu zuten, Musturrek sartunde eta Urepel kanten letrei aipamena eginda.

2000. urtean ekin zion bideari Gatibuk, eta hamar disko plazaratuta utziko dituzte eskenatokiak. Euskal Herri osoan ez ezik, mundu zabaleko herrialde askotan ere zabaldu dituzte euren doinu dantzagarriak azken urteotan.

Mende laurdenean, euskal musikaren abesti handienetako asko sortu ditu Gatibuk, hala nola arestian aipatutako Musturrek sartunde, Lorak eskeintzen, Zeu, zeu, zeu!, Euritan dantzan eta Gabak zerueri begire.