Itxi

kultura

34. edizioa

Maitaldiaren dantza, abian

EITB Media

Biarrizko dantza jaialdiaren 34. edizioa irailaren 4tik 16ra egingo dute, ohi bezala, Thierry Malandainen zuzendaritzapean. Bertrand Chamayou pianistak eta Élodie Sicard koreografo eta dantzarien eskuetatik izango dugu lehen ikuskizuna, "Cage2", Donibane Lohizunen.

  • Bertrand Chamayouk (pianoa) eta Élodie Sicardek (dantza) "Cage2" ikuskizuna interpretatuko dute

    Bertrand Chamayouk (pianoa) eta Élodie Sicardek (dantza) "Cage2" ikuskizuna interpretatuko dute

Maitaldia dantza jaialdia gaur hasiko da, Biarritzen (egoitza nagusia) barik, Donibane Lohizunen. Irailaren 4tik 16ra egingo dute jaialdia, Biarritzen nagusiki, baina baita beste 16 udalerritan ere, Errenteriatik Bokalera eta, ekialdera jota, Atharratzeraino.

Lehen emanaldia, "Cage2", Tanka Donibane Lohizuneko aretoan izango da gaur, asteazkenean, 21:00etan, Ravel jaialdiarekin eta Hego Akitaniako Eszena Nazionalarekin lankidetzan. Bertrand Chamayou pianistak eta Élodie Sicard koreografo eta dantzariak John Cage konpositorea omenduko dute, pianoan bi pieza interpretatuta. Sarrerak salgai daude, 35 eurotan.

Jarraian, ostiraletik hilaren 16ra arte, guztira 41 konpainia arituko dira dantza garaikidearen euskal hitzordu gorenean; izen batzuk aipatze aldera, Bernako, Marseillako eta Monte-Carloko balletak, Rennes, Caen eta Nanteseko koreografia zentroak, Sun-a Lee hegokorear sortzailea, Robinson Cassarino eta Bruno Pradet. Etxekoak ahaztu gabe, jakina: Kukai, Bilaka, Dantzaz, Martin Harriague....

Kukaik Euskorleans aurkeztuko du, kalean, giro udatiarrean (irailak 13, Biarritz), Bilakak Ilauna sorkuntza (irailak 13, Biarrizko Atabala), eta Martin Harriague Emilie Lericherekin arituko da Crocodile berritasunarekin (irailak 7, Baiona).