Zinemaldia
Izarrak
Ben Affleckek Zinemaldiaren gidaritza hartu du
'Argo' filma aurkezten du, Alan Arkin, John Goodman eta Affleck bera protagonista dituelarik. Gainera, 'Zuloak' eta 'Blancanieves' estreinatuko dituzte.
Ben Affleck Donostian da eta Argo, zuzendari moduan egin duen azken lana aurkeztuko du gaur. Estatubatuarra bere filmaren protagonista da, John Goodman eta Alan Arkinekin batera. Lehiaketaz kanpo izango da Donostiako Zinemaldian.
John Goodman Donostian izango dela jakinarazi zuten antolatzaileek, baina azken orduan bertan behera utzi behar izan du aurkezpena, agenda profesionalarekin arazoak izan dituelako.
Ben Affleckek zuzendari moduan egiten duen hirugarren pelikula da Argo, Gone Baby, Gone eta The Townen ostean. Gidoilari moduan, Oscar saria eta Urrezko Globoa eskuratu zituen Matt Damonekin batera, Good Will Hunting lanagatik.
Gainera, Fermin Muguruzaren Zuloak eta Pablo Bergerren Blancanieves estreinatuko dituzte gaur. Azkenak Maribel Verdu du protagonista.
Aktore eta zuzendariak noiz iritsiko dira?
Aktore eta zuzendari ezagun guztiak Maria Cristina hotelera helduko dira, autografo-ehiztarien gotorleku: Laurent Cantet zuzendaria 13:00ak inguru helduko da eta Benicio del Toro 15:30ean helduko da Donostiara. Francois Ozon 17:00etan helduko da eta Marisa Paredes 21:45ean. Igandean bi Donostia sari emango dituzte eta gaur helduko dira: John Travolta 15:55ean helduko da, antolatzaileen arabera, eta Oliver Stone 17:45ean.
Eitb.com-ek zuzenean eskainiko du Oliver Stone eta John Travoltari Donostia sarien ematea, igandean 22:00etatik aurrera.