Itxi

kultura

Sariak

Ruper Ordorikak jasoko du 2024ko Abadia Saria

EITB Media

Euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen "jori eta agortezinagatik" aukeratu du aurten kantari oñatiarra Gipuzkoako Foru Aldundiak.

  • Ruper Ordorika.

    Ruper Ordorika.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ruper Ordorika (Oñati, 1956) musikari eta abeslariari emango dio aurten Abadia Saria, irailaren 12an Hendaiako (Lapurdi) Abadia jauregian egingo den ekitaldian. Kantagile oñatiarrak lau hamarkadatan euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana aitortuko dute horrela.

"Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz", esan du Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak sariaren berri eman duenean.

Euskal kantu berriaren "lekukoa hartu" eta "eremu berrietara eraman" zuela adierazi du, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen diskoetan. "Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari", gehitu du.

Azkenik, Mendizabalen hitzetan, lan guztien "sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak" euskaldunon azken hamarkadetako "kultur erreferentzia nagusien" artean kokatu du Ordorika.

Garai berria

Bestalde, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak jakinarazi duenez, aurtengo edizioan etapa berri bat hasiko du Abadia Sariak, saritzen diren balioei nahiz haren aitorpen publikoari garrantzia eta gogo berri bat emateko asmoz.

Datorren urtean 25 edizio beteko ditu sariak, eta Foru Aldundiak gehiago prestigiatzea eta garrantzi instituzional handiagoa ematea izango du xede.